Garai hobeak izandakoak dira Gipuzkoako zezen plazak eta zezenketak. Gaur egun, lau tokitan baino ez daude zezen plazak, eta bitan bakarrik egiten dituzte zezenketak: Donostian eta Azpeitian. Eta, bietan, herriko festen garaian egiten dira gehienbat. Eibarren eta Tolosan, berriz, ez da zezenketarik egin azken urteetan, eta zezenekin lotutako nahiz beste ekimen batzuetarako erabiltzen dituzte zezen plazak.
Gainbeheraren arrazoiak “asko” dira, baina “ikusle falta da nabarmenena”. Hala uste du Miguel Telleria zezenzaleak. Gipuzkoako Zezenzale Elkarteko lehendakari izandakoa da Telleria, baina, gaur egun, elkartea bera ere desagertuta dago. Ikusle faltak diru arazoak dakartza berarekin. Tolosan, esaterako, orain hiru urte arte zezenketak antolatu izan dira San Joan jaietan, baina “antolatzaileak beti dirua galdu du”, azaldu du udalak. Enpresa pribatuek antolatzen dituzte zezenketak, baina, etekinik ezean, beste zezen plaza batzuetan jartzen dituzte ikuskizun horiek.
Aipatutako arazoez gain, eraikinen egoera ere ez da oso ona. XX. mende hasierako zezen plazak dira Donostiakoa ez beste hirurak —1902koa da Eibarkoa eta 1903koa beste biak—. Udalarenak dira zezen plaza guztiak, eta Eibarren zezen plaza berria egiteko proiektua ere landua du udalak. Krisiak, ordea, proiektua bertan behera uztea ekarri du. Oraingoz ez da eraikin berririk egingo, Eneko Andueza Hirigintza zinegotziak azaldu duenez: “Proiektua hamar milioi inguru kostatzen da, baina ez dago diru pribaturik, udalak hartu beharko luke bere gain eta ez du dirurik”. Zezenzalea da Andueza bera, eta onartu du zezenketarik ez egitea “plazaren egoera larriaren ondorio” dela. Iritzi berekoa da Jaime Lopez de Gereñu, Peña Taurina Pedrucho Eibarresa elkarteko lehendakaria: “Jendea erakartzeko ondo egon behar du plazak, baina azken urteetan ez dute asko zaindu”.
5.300 ikuslerentzat dago tokia Tolosako zezen plazan; Eibarkoan 6.000 lagun sartzen dira; ia 4.000 Azpeitikoan; eta 10.000 eta 16.000 artean Donostian, ekimenaren arabera. Izan ere, Donostiako Illunbe zezen plaza berria da gainerakoekin alderatuta —1998. urtekoa—, eta hainbat motatako ekitaldiak hartzeko prestatuta egin zuten. Gainerako zezen plazek ere bide berari jarraitu diote, horretarako espresuki moldatuak egon ez arren. Izan ere, zezenketarik ezean, bestelako jardueretarako aprobetxatu ohi dituzte plazok: Azpeitian kirol apustuetarako, ahari jokoetarako eta izkingile txapelketarako erabiltzen dute, besteak beste. Tolosan, zezen boladunentzat eta herri kirol emanaldientzat. Eibarren ere zezen boladunen ikuskizunetarako erabiltzen da, baina urtean behin bakarrik, sanjoanetan.
Azken herri horretako zezen plazak izan zuen urrezko garairik, ordea. Lopez Gereñuk azaldu duenez, 1960ko hamarkadan Eibarkoa zen Espainiako Estatuan bazkide gehien zuen zezenzale elkartea: “2.000 bazkidetik gora izan genituen; hein handi batean, oso famatua egin zen toreatzailea izan genuelako herrian: Pedro Basauri, Pedrucho“. Gaur egun, 165 bazkide ditu elkarteak.
Beherakadaren arrazoiak
Zezenzaleak eta zezenketen kontrakoak, biak bat datoz zaletasun horren beherakadaren arrazoiak ematean: aldatu egin da herritarrek animalien inguruan duten jarrera. Eguzki talde ekologistako kide Juan Mari Beldarrainen ustez, “oro har gipuzkoar gehienek ez dituzte maite zezenketak, eta ez dira joaten ospakizun horietara”. Hala, “animalien aldeko errespetuan” Gipuzkoak “aurrerapausoa” eman duela uste du. Eguzkirentzat “ulergarria” da orain mende bat zezenketak egitea, baina “astakeria” deritzo “gaur egun zezenen hilketa festari lotutako ekimen gisa egitea”.
Miguel Telleriaren ustez ere animaliekiko jarrera aldaketak eragin du zezen plazak husten joatea. Berak ez du aldaketa ulertzen, ordea: “Jendea maskotak ondo baino hobeto zaintzen hasi da, hainbat industriak eta elkartek bultzatuta. Zakurrari haragirik onena ematen diete, baina jende horri berari ez zaio axola etxerik gabeko jendeak kalean lo egitea, goseak egotea”. Laguntza falta ere salatu du. “Udalek ez dute laguntzen, eta gazteentzat oso garestiak dira sarrerak”.