Azken udal hauteskundeetara aurkeztu zenean, Zestoako Bilduk argi esan zuen kanpaina garaian: alkatetza lortuz gero, zezenketen inguruko galdeketa egingo zuen herrian. Alkatetza lortu zuen, eta galdeketa egin egingo dute. Eta emaitza errespetatzeko konpromisoa hartu dute. Oraindik ez dute egunik jarri. Aurrena udaletik batzorde bat sortuko dute galdeketaren inguruko xehetasunak adostu eta erabakitzeko.
Zestoan ez dago zezen plazarik, baina urtero izaten dira zezenketak, iraileko Ama Birjina jaietan. Herriko plaza itxi eta zezen plaza bihurtzen dute. Hain zuzen ere, hori egiten jarraitu ala ez erabakiko dute galdeketan.
Herrian bada zezenzale elkarte bat, eta bertako kideak ez daude galdeketa egitearekin ados. Hala adierazi du Gorka Unanue elkarteko kideak: “Guk zezenketak antolatu nahi ditugu eta horretarako prest gaude. Eskaera ere badago, 700 ikusletik gora elkartzen dira saioetan”. Horregatik, galdeketaren beharrik ez dago bere ustez: “Zezenzaleentzat errespetua eskatzen dugu; Zestoan badago zezenketekin jarraitzeko nahia”.
Unanueren arabera, udalak sortuko duen batzordean parte hartzeko gonbidapen ofizialik ez dute jaso oraindik, eta erabakirik ere ez dute hartu. Udalaren planteamendua zein den jakin nahi dute, erabaki bat edo beste hartu aurretik.
Zezenketen kontrakoek, berriz, bat egiten dute galdeketarekin. Bilduk udal hauteskunde kanpainan agertutako asmoaren aurrean, Muu! herri taldea sortu zuten, galdeketan zezenketen kontrako botoa eskatzeko. Hala, lanean hasiak dira, eta “giroa sortzeko” sinadura bilketa bat abian dute, herrigunean nahiz auzoetan. Taldeko kide Aimar Etxeberriak azaldu duenez, ez daude zezen plazako hesiak kentzearen alde, “festetan tradizioa duen elementua delako”. Zezenketen kontra, berriz, bi arrazoigatik daude: “Ez dugu onartzen festa giroan animaliak torturatu eta hiltzerik, ezta umeei balio horiek irakasterik ere”.