“2011ko emaitza onek ez dute ziurtatzen aurrera begirako lana”

Mondragon Taldeko kooperatibek eta Debagoieneko GKE gobernuz kanpoko erakunde txikiek bultzatuta sortu zen Mundukide fundazioa, 1999an. Ordutik, munduko hainbat bazterretan lankidetzako egitasmo ugari landu eta garatu dituzte, betiere kooperatiben balioetan eta “ikuspegi sozialean” oinarrituta. 2011. urtea “ganoraz” itxi duten arren, kezkaz bizi ditu Mikel Gantxegi (Bergara, 1972) Mundukideko zuzendariak hemendik aurrerako finantzaketa beharrak.

Zein lan esparrutan dihardu Mundukide fundazioak?

Gure lana Hegoaldeko herrialde eta komunitateekin lankidetza proiektuak bultzatzea da, batez ere proiektu produktiboak edo ekonomia sustatuko duten proiektuak. Eta betiere, esperientzia, filosofia, ezagutza eta balio kooperatiboak partekatuz. Zentzu horretan, gaur egun bi proiektu mota dauzkagu. Proiektu mota bat Afrikako testuinguruan zentratuta dago; Mozambiken. Han lau programarekin ari gara lanean, eta asmoa da oinarrizko ekonomia, oinarrizko produkzioa bultzatzea: nekazaritza. Beste programak dira Kuban edo Brasilen bultzatzen ditugunak, eta horiek erakunde jakin batzuentzat egiten ditugu. Erakunde horien bidelagun gara, baina prestakuntza eta aholkularitza ekintzen bidez.

Eta hori guztia, kooperatiben balioetan oinarrituta.

Bai, hori da. Esaten dugunean jarduera ekonomikoak, sustatu hobetu, handitu… Beti da ikuspegi ekonomikotik, baina ikuspegi sozialetik ere bai, edo sozietariotik. Elkarlana, ardura soziala, langileen partaidetza eta jabegoa bultzatuz…. Egia da hori guk bultzatzen dugula eta defendatzen dugula, baina betiere euren errealitate eta kulturetara egokituz. Hor oreka topatu behar da, gure ikuspegiaren, euren ikuspegiaren eta errealitatearen artean. Jarrera hori da. Mahaian jarri beraientzat gure irakaspena eta gure esperientzia, eta beraiek har dezatela nahi dutena.

2011. urteko balorazioa egin berri duzue, eta urtea positibotzat jo duzue. Krisi garaiotan salbuespen itxura dauka zuenak.

Ba, bai; ez da erraza horrelakoak esatea. Esan genezake 2011 ondo, ganoraz itxi dugula; ez helburu guztiak beteta, baina orokorrean helburu gehienak lortu dira. Proiektuei eutsi egin diegu, eta berri batzuk martxan jartzeko lanak ere egin ditugu. Eta ekonomikoki ere, esan genezake gaizki ezetz. Lan hori dena betetzeko nahiko diru eduki dugu. 2011ko emaitza onek ez dute, ordea, ziurtatzen aurrera begirako lana, ziurgabetasuna handia baita.

2012a urte zaila izango dela aurreikusi duzue. Zein helbururekin hasi duzue urtea?

Proiektuetan daukagun lanari eutsi eta hasiak ditugun proiektuei iraunarazi. Irauteak esan nahi du, batez ere, finantzaketa lortzea. Helburua hori da, gauza berririk hasi eta horrelakorik ez, baina bai dauzkagunei eutsi, eta saiatu ziurtatzen hurrengo bi-hiru urteetarako jarduera. Egoera horretan, zailtasuna da ibilbide handiagoko proiektu askotan 2012an edo 2013 hasieran bukatzen dela geneukan finantzaketa nagusia; beraz, alde batetik, berriak lortu, eta, bestetik, bukatzen direnak berritu behar dira. Aldi berean egokitu dira Mundukideko proiektuetarako finantzaketa behar asko, eta inguruan murrizketak, murrizketa asko.

Kooperatiben ekarpen ekonomikoa garrantzitsua da zuentzat. Eta hain justu, kooperatibek ere ez dute euren garairik onena bizi. Horrek beldurrik sortzen dizue?

Bai, baina, azkeneko bi-hiru urteetan jada kooperatiba batzuk badaude krisian; asko zailtasunekin, eta, hala ere, oso duin erantzun dute. Konpromisoari eusten jarraitu dute, eta guk aurreikusten genuena baino gehiago jaso dugu. Duela bi urte egin genuen plangintza estrategikoan baino gehiago jasotzen ari gara, eta hor uste dut gutxi exijitzeko eskubidea daukagula. Batez ere, aitortu euren laguntza, eta eskertu. Eta eusteko eskatu. Hala ere, gaur egun gure finantzaketa iturri nagusiak, %60-70 inguru, erakunde publikoetako diru laguntzak dira. Hor dago gakoa.

Beldur handiena erakunde publikoen laguntzek ematen dizuete, beraz.

Bai; izan ere, zarata asko entzuten da, baina jada ebidentziak ere ikusten dira. Adibidez, Espainiako Atzerri Ministerioaren menpe dago AECID Nazioarteko Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentzia, eta horrek %60-65eko aurrekontu murrizketa izan du. Araban eta Nafarroan ere murrizketa handiak izan dira. Zortez, oraindik Eusko Jaurlaritzan eta Bizkai eta Gipuzkoako diputazioetan eutsi egin zaio, baina ingurua kezkagarria da. Guk, batez ere, Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen ditugu laguntzak.

Murrizketa horiek zuenean eta antzeko eremuetan gehiago egiten direlako irudipenik baduzue?

Ez dakit gure sektorean beste batzuetan baino gehiago murrizten duten. Horrekin duda daukat, ez nago ziur. Baina, bai, uste dut nahiko erraza dela; azkenean, lankidetzako dirua Euskal Herritik kanpora doan dirua da, 10.000 kilometrora dagoen pertsonarentzako onura da, eta, orduan, gutxi sentitzen da mina, edo urruti sentitzen da mina. Akaso, gehiago baino, erraza da hitza.

Kooperatibez eta erakunde publikoez harago, boluntario sare bat ere baduzue inguruan.

Bai, boluntario sare txukuna daukagu. Mundukide hasieran horrela sortu zen; batez ere, boluntarioekin. Gaur egun, kontratupeko pertsonak ari gara lanean, batez ere; baina badauzkagu 30 bat pertsona, hemen inguruan aktiboki lanean. Eta bada gai bat saiatzen garena zaintzen, ahal dugun neurrian: guretzat potentzial bat da.