Berrogei urte baino gehiago daramatza Iñaki Goikoetxeak (Tolosa, 1948) Tolosako inauterietarako karroza edo muntaketaren bat prestatzen. Iaz atseden hartu zuen arren, datorren igandean berriro ikusi ahal izango da herriko kaleren batean.
Gogoan du 20 urterekin kuadrillakoek lehen karroza egin zutela. Garai hartan norberak bere trikimailuak izaten zituen karrozak prestatzeko: “Behin baino gehiagotan lapurtzen genituen obretako egurrak. Nik uste dut eraikuntza enpresetako arduradunek ikusten gintuztela eta utzi egiten zigutela gauzak hartzen, bazekitelako inauterietarako zela”.
Haren mozorrorik gogoangarrienak, ordea, azken hamalau urteotan bakarrik prestatu izan dituenak dira; tolosarren zein kanpoko inauterizaleen artean nolabaiteko jakin-mina izaten da Zaldunita egunean Goikoetxearen mozorroa ezagutzeko. 1998. urtean hasi zen bakarkako muntaketak egiten: “Aurretik ere zerbait egin nuen bakarrik, baina urte hartan antolakuntza handiagoarekin hasi nintzen mozorroa muntatzen: zuhaitz baten kontra jo zuen hegazkin bat prestatu nuen”. Bere mozorrorik ezagunenetakoa bilakatu da hegazkinarena: “Jendeak gehien gogorarazi izan dizkidanak Harold Lloydena, hegazkinarena eta King Kongena izan dira”. Iraganari erreparatu arren, ordea, ez du pista handirik eman nahi izan aurtengo mozorroaren inguruan. Hala ere, aitortu du ez dela Fronton kafetegian jarriko eta King Kongenarekin batera aurtengoa dela lan gehien eman dion mozorroa.
Erlojuaren orratz batetik zintzilika pasa zuen Iñaki Goikoetxeak 2006ko Zaldunita eguna, Harol Lloyden azalean. Muntaketa hura, ordea, egin gabe utzi behar izan zuten ia, azken uneko arazo batzuk zirela medio: “Zaldunita igandean, 10:00ak inguruan, pieza bat ez zen behar bezala sartzen, eta ezin genuen muntaketarekin jarraitu. Nire lagun Jose Manuel Artolari esker, guztia konpondu, eta aurrera atera genuen azkenean”.
Eguberrietan hasten da Goikoetxea mozorroak prestatzen, eta asteetako lan horretan, bidelagunak izaten ditu barne diseinatzaileak: “Bakarrik lan egitea ezinezkoa litzateke, nire muntaketek profesionalen lanordu asko eskatzen baitituzte. Eskuzabaltasun handiz laguntza eskaintzen didate tapizatzaileek, arotzek, margolariek…”.
Sormenaren jaia
Tolosako inauterien bereizgarria sormena dela uste du Goikoetxeak: “Ez dute luxuzko jantzirik, baina graziaren eta sormenaren bidez, edozein txokotan barrez leher zaitezke, gauza handirik gabe. Tolosarroi urte osoan gauza askok gogorarazten dizkigute inauteriak, eta, azkenean, ona izan daitekeen ideia bat sortzen da. Dena den, gutxien uste dudanean etortzen zaizkit ideiak”.
Goikoetxeak oraindik gogoan du 4 urte zituela etxeko balkoitik txarangak gora eta behera nola ikusten zituen. Hain justu, tradizio handiko festa hauei eustearen arrazoietako bat Tolosako inauterien izaera da, Goikoetxearen ustez: “Zenbaitek nahiagoko ditu aspaldiko inauteriak. Nik, ordea, uste dut iragandako garaiei ez zaiela begiratu behar; garai bakoitzean gauzak ondo egiten jarraitzen dutela uste dut. Festak garai hori bizi duten belaunaldiek egiten dituzte; hori argi dago”.