Orain arteko energia ereduak badu iraungitze data: 2020. urtea. Urte horretan, jaisten hasiko dira munduko petrolio erreserbak, eta ordurako bi helburu handi jarri dizkie Europako Batasunak bere estatuei: energiaren %20 gutxiago kontsumitzea, eta kontsumitzen duten horretatik %20 berriztagarria izatea.
Xede horiek Gipuzkoarentzat ere balio dute; Eusko Jaurlaritzak abenduan eman du 2011tik 2020rako energia estrategiaren berri, eta asmo bertsuak agertu ditu. Helmuga, ordea, urrun gelditzen zaio Gipuzkoari: lurraldean kontsumitzen den energiaren %95 inguru erregai fosiletatik dator, eta erregai horiek kanpotik ekarri behar dira ezinbestean.
Menpekotasun horrek dakarren arriskuaz ohartarazi du Eutimio Sanchezek (Basauri, Bizkaia, 1964), Tecnaliako Sare Elektrikoko ikerlariak: “Kanpokoaren menpe bazaude, eta kanpotik prezioak aldatzen badizkizute, egoera zaildu daiteke. Eta denok dakigu sektorea nola dagoen: gorabehera handiak egon daitezke”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2011tik 2020ra bitarteko energia iraunkortasunerako estrategia diseinatzen aritu da Sanchez. Azaldu duenez, Gipuzkoak 1.967 milioi euro ordaindu zituen kanpotik ekarritako energiarengatik 2008an; biztanleko, 2.836 euro.
Xabier Esteban (Donostia, 1972) Kutxaren Ekoguneko Energia buruaren ustez, “ahalegin handia” egin beharko da helburuak betetzeko, eta energia sektoreak “bultzada politiko eta ekonomiko indartsua” beharko du. Estebanen iritziz, orain arte jarrera nahasiak izan ditu administrazioak gai horren inguruan, “presio eta interes handiak” zirela medio. Gipuzkoako egitasmoak bide onetik doazela uste du, baina ohartarazi du beste hainbat instituziok ere baldintzatzen dutela bertako energia eredua. Espainiako Gobernuak, esaterako, bazituen orain arte energia berriztagarrietan inbertitzeko diru laguntza eta sariak, baina haiek aldi baterako etetea erabaki zuen aurreko astean. “Laguntza horiek jaisten badira, energia berriztagarrietarako azpiegitura gutxiago jarriko dira”, azaldu du Sanchezek.
Azpiegitura berririk gabe ere, lan handia egin daiteke energia kontsumoa murrizten, Sanchezen arabera: “Gutxiago kontsumitu, eta kontsumitzen dudana efizienteagoa izan dadila; hartara, gauza bera egiteko energia gutxiago beharko dut”.
Halako egitasmoek industrian eragin handia izan dezakete, Sanchezen iritziz, sektore horrek energiaren %49 hartzen baitu: “Industriako kontsumoa kontuan hartzen ez duen edozein neurri ez da behar bezain eraginkorra izango”. Iritzi bera du garraioaz, energiaren %33 kontsumitzen baitu: “Etxebizitzaren sektoreak %10 baino ez du kontsumitzen; beraz, etxetik egin dezakeguna izango da zerbait, baina egoera orokorrean izango duen garrantzia %10 horretarainokoa baino ez da izango”.
Bestelako iritzia du Estebanek: “Egia da industria kontsumitzaile handiagoa dela, baina hark egin ditu etxeko lanak: energia intentsitatea zeharo murriztu du”. Ostera, etxebizitza sektorean ikusten du behar handiena, batez ere etxeak energetikoki zaharberritzeko: “Azkenean, lege, isun edo diru laguntzen bitartez, industriari murritzarazi zaio energia kontsumoa, baina etxebizitzetan ez da inor sartzen”.
Estebanek uste du arlo horretako kontsumoa apaldu baldin bada krisi ekonomikoagatik apaldu dela, ingurumenaren inguruko kontzientziagatik baino gehiago: “Nonbaitetik murriztu behar ziren etxeko gastuak. Baina hemendik bi urtera gauzak 2008an zeuden bezala egongo balira, ez nago hain seguru ez ote ginatekeen berriz hasiko lehen bezala energia xahutzen”.
Sanchezek emandako datuen arabera, 2004tik 2008ra %80 handitu zen Gipuzkoako energia kontsumoa: “Bazirudien kontsumoa doakoa zela; ia inork ez zeukan argindarraren eta gasaren fakturak ordaintzeko arazorik”. 2009tik, mantendu egin da kontsumoa.
Bertako baliabide gutxi
Energia aurrezteak soilik ez du kanpoko erregai fosilekiko menpekotasuna arinduko. Gipuzkoan bertan sortzen den apurra uretik, eguzkitik eta haizetik dator; gehiena, Arabako mugan dagoen Elgeako parke eolikotik. Sanchezen arabera, jarritako helburuetara iristeko, ezinbestekoa da haize energiaren aldeko apustua egitea. Oraingoz, ordea, etenda daude proiektu guztiak, haiek arautzen dituen EAEko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorial berria idazten ari direlako.
Errota handien ordez, aukera gehiago ikusten dizkie Estebanek potentzia baxuko makinei: “Kontua da teknologia hori ez dela hain efizientea; potentzial handia egon arren, makinek ez dute hainbeste energia emango”.
Antzeko zerbait gertatzen zaio itsasotik lor daitekeen energiari ere, Sanchezek azaldu duenez: “Potentzial handia dago, eta, ziurrenik, ez ditu hainbeste eragozpen izango ingurumen aldetik, baina olatuetatik energia lortzeko teknologiak, oraingoz, oso gutxi garatuta daude. Epe ertaineko egitasmoak dira”.
Epe laburrean biomasa aukera ona izan daitekeela uste dute biek. “Baso garbiketetako hondakinak erretzeaz ari gara”, zehaztu du Sanchezek. Bide hori gero eta gehiago erabiltzen da, Estebanen arabera: “Iaz Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzen ehuneko handiena biomasazko galdarak instalatzeko izan zen”.
Sanchezentzat, energia eredu berria da Gipuzkoak behar duena, baina eredu propioa: “Eguzki intentsitate handiko lurraldea balitz, edo errotak jartzeko mendi asko izango balitu, eta energia sortzeko eta kontzentratzeko zentral bat eraiki ahal balitz, esango genuke instalazio handiek badutela lekua. Baina, egiazki, hori ez da kasua”.
Horren ordez, eraginkorrago ikusten ditu herri mailako egitasmoak: “Mugikortasun jasangarriaren kultura zabaldu behar da, eremu publikoetan energia berriztagarriak erabili… eta antzeko egoera duten lekuetara zabaldu. Azpiegitura handi gutxi baino, hobe da txiki asko izatea”.
Estebanentzat, kontsumo ereduan dago gakoa: “Erru bat izan da ahal beste kontsumitzea, eta hori energia berriztagarriekin ase nahi izatea; ez du zentzurik. Izan gaitezen eraginkorrak; murritz ditzagun gure energia beharrak, baina eroso bizitzeko moduan, eta gainontzekoa lor dezagun energia berriztagarrietatik”.