Herritarren parte hartzea diruz lagunduko du Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 690.000 euro jarriko ditu herritarren parte hartzea sustatzeko egitasmoetan. Asteon diputatuen kontseiluak onartutakoaren arabera, laguntza horiek emateko orduan bi deialdi egingo dituzte: bata udalentzat —515.000 eurokoa— eta bestea herri erakunde eta mugimenduentzat —175.000 eurokoa—.

Aldundiaren arabera, Gipuzkoan “betidanik” egon da parte hartzeko eta auzolanerako tradizioa, baina oraingoa da diputazioak asmo horiek diruz laguntzen dituen lehen aldia. Hala, hainbat lekutan parte hartzeko joera hori galtzen ari zela ikusita, kultura hori “berreskuratu eta hedatu” nahi du aldundiak: “Gipuzkoako herritarrengan demokrazia zabaldu, Gipuzkoako instituzioak ireki eta, horretarako, herritarren parte hartzea erakundeetan bermatu”. Foru aldundiak, gaur argitaratuko ditu bi deialdietarako baldintza pleguak, eta udalek eta herri mugimenduek bihartik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte diru laguntza horiek jaso ahal izateko eskaerak.