Bergara – Zumaia
Iragan azaroan Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Zazpikoloroa ikuskizuna estreinatu zutenetik, atzera eta aurrera dabiltza, Euskal Herri osoan barna emanaldiak eskaintzen. Hala, Gipuzkoako hainbat herritan emanaldiak eskaini ondoren, datozen egunotan Bergara eta Zumaiaren txanda izango da.
Bergaran, bihar udal pilotalekuan ikuskizun bikoitza egingo dute. Lehen emanaldia 16:00etan izango da, eta 18:30ean bigarrena. Astelehenean, berriz, Zumaian izango dira Euskal Herriko pailazorik entzutetsuenak. Herri antzokian taularatuko dute Zazpikoloroa, 15:00etan eta 17:30ean.
Usadioak dioen kontu batean oinarritzen da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria: biharamun goizean Zazpikoloro berria jaioko dela dio usadioak. Urte osoan mundua koloreztatuko duen hegazti miragarria da Zazpikoloroa. Jaio aurreko gauean, ordea, Belekoi andere zuri-beltz maltzurra azalduko da, eta Zazpikoloroaren arrautza bahitu egingo du. Eguna argitu aurretik, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek, Patakon lagun dutela, arrautza aurkitu beharko dute, kolorez betetako mundu bat posible izan dadin.