“Indarrean jarriko duten ereduaren oinarria ere erregai fosiletan egongo da”

Energiaren erabilera arduratsuaz aspalditik ohartarazi izan du mugimendu ekologistak. Baina hor ere ez du edozerk balio: energia berriztagarriak sortzeko hainbat azpiegituren aurka agertu izan dira ekologistak. Pilar Barquin (Santander, Espainia, 1967) Ekologistak Martxan taldeko kidearen ustez, badira eredu hobeak.

Errealista da 2020rako energiaren %20 berriztagarria izatea?

Oso zaila da. Orain, gainera, Espainiako Gobernuak kendu egin ditu berriztagarrietarako diru laguntzak, eta merkeagoa da ziklo konbinatuko zentraletatik lortutako energia. Kolpe latza izan da hori sektorearentzat; garapenerako eta enplegua sortzeko asmo handiak geneuzkan, baina horrek asko geldiaraziko ditu.

Adituek diote horretarako ezinbestekoa izango dela energia eolikoa, baina mugimendu ekologista parke eolikoen aurka azaldu izan da.

Gu, berez, energia eolikoa sortzearen aldekoak gara; parke eolikoek duten eragozpena da Natura 2000 sarearen barruko gune babestuetan jarri nahi dituztela Gipuzkoan. Itxuraz, horiek dira errotak jartzeko lekurik onenak, baina errotek eragin handia dute ingurunean. Hori da gu aurka egotearen arrazoi nagusia. Biak bateratzen asmatu beharko da, errotak eragina txikiagoa izango den lekuetan jarriz; baina egia da %20 horretara heltzeko beharrezkoa izango dela haize energia.

Zein energia eredu dakarte gaur egungo neurriek?

Errealista izanda, esan dezakegu indarrean jarriko duten ereduaren oinarria ere erregai fosiletan egongo dela: petrolioa, gasa eta energia nuklearra. Horiek jarraituko dute, berriztagarriak baino konstanteagoak direlako.

Kontsumo eredua aldatuko da?

Hemendik aurrera egiten den edozein estrategiak energia aurrezpenetik igaro behar du. Ondasun guztien kontsumoa gutxitu behar da, bereziki energia asko behar dutenena.

Abian diren egitasmoak egokiak dira energia eredu horretarako?

Berriz planteatu behar diren sektoreetako bat garraioa da; petrolio kontsumitzaile erraldoia da, batez ere errepide bidezkoa. Salgaiak trenez garraiatzeak murritz dezake hori, baina oso gutxi egiten da. Alde horretatik, abiadura handiko trenak ez du mesederik egingo; baietz esaten duten arren, ezin du salgairik garraiatu. Ez dauka horretarako biderik; soilik abiadura handiko bidaiariak eramateko. Hor aukera garrantzitsua galtzen ari gara, Renferen betiko linea hiltzen uzten ari garelako.