Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Gipuzkoako Elikagai Bankuak orain arteko lankidetza hitzarmena berritu dute, asteon, Bergaran. Elikagai Bankuaren Azken Minutua egitasmoa sustatzea da hitzarmenaren helburu nagusia, eta egitasmoaren kudeaketa gastuei aurre egiteko, aldundiak 116.219 euroko diru laguntza emango dio Elikagai Bankuari.
2011. urtean gora egin zuen elikagaiak zabortegietara bota beharrean Elikagai Bankuari doan emateko hautua egin zuen enpresen kopuruak. Eta horrek elikagai horien premian diren pertsona gehiagorengana heltzea ahalbidetu zuen. Hitzarmenaren sinatzaileek emandako datuen arabera, zehazki, joan den urtean hamabost enpresek 400.000 kilo elikagai eman zizkioten Elikagai Bankuari. Elikagai horiek guztiak 26 erakunderen artean banatu zituzten eta 18.000 pertsonarengana heltzea lortu zuten. 2010. urtearekin alderatuta, %30 egin zuen gora jasotako janariaren kopuruak. Areago, 2012rako aurreikuspenek ere goranzko joera erakusten dute.
2009an hasitako bidea
Elikagai Bankuaren esperientzia pilotua 2009. urtean abiatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elikagai Bankuak eta Mondragon Unibertsitateak, lankidetzan. Donostialdeko bi merkataritza gune handitan kontsumitzeko moduan zeuden baina salgai jartzeko zenbait oztopo zituzten elikagaiak biltzeari ekin zioten. Sei hilabetean, bildu ezean zabortegietara joango liratekeen 87 tona elikagai bildu zituzten. Emaitza hartatik abiatuta sinatu zuten 2010ean aldundiak eta Elikagai Bankuak hitzarmena. Urte hartan, bederatzi enpresek emandako 310 tona elikagai batu zituzten eta 22 erakunderen bitartez banatu. Elikagai Bankua irabazi asmorik gabeko elkartea da. Bergaran egoitza berria ireki zuten iaz, eta bertan 41 boluntariok egiten dute lan.