Hondarribitik Madrilera joan-etorria egiteagatik 200 eurotik gora edo 110 ordaintzea ez da gauza bera, batez ere lan kontuak direla-eta bidaia hori hilero maiz egin behar duenarentzat. Hori horrela, erabiltzaileek pozez hartu dute Helitt konpainia Gipuzkoako aireportuan lurreratu izana.
Taxilariak dira hegaldi berriekin irabazten dutenetako batzuk. Bidaia merkeak izanik ere, Gipuzkoara airez datorrena lan kontuengatik etorri ohi da, hiriburura gehienetan; hala, autobusa baino gehiago, taxia nahi izaten dute horiek, inor zain ez badute behintzat. Aireportua eta Donostia arteko autobusak orduro dira, eta, gainera, Hondarribiko Udalak Donostiako noranzkoan zegoen geltokia kendu zuenetik, bidaiariek hiriburura joateko duten autobusak Hondarribian zehar egiten duen ibilbidea egin behar izaten dute. Hala, Madril edo Bartzelonatik etortzeko behar den denbora baino gehiago irauten du Donostiarako autobuseko bidaiak.
Aireportuko dendariek ere pozik hartu dute hegaldi merkeak eskaintzen dituzten konpainien etorrera, eta bidaiari gehiago izateak bezero gehiago ekartzea espero dute. Nolanahi ere, aste honetako astearte eguerdian Hondarribira iritsi zen Helitteko hegaldiko bidaiari guztiek, esaterako, hegazkinetik jaitsi bezain pronto, aireportuko irteerarako bidea hartu zuten, inolako gasturik egin gabe. Horien zain zeudenen artean dozena erdi batek kontsumitu zuen zerbait kafetegian.
Neurri gehiagoren beharra
Terminaleko liburu dendako arduradunak gogorarazi du aireportuak ia milioi erdi bidaiari izan zituela: “Erdira jaitsi da kopurua, eta beherantz segitzen du”. 2006tik, denda ireki zuenetik, bidaiarien kopuru murrizketa eta krisia nabaritu ditu: “Lehen euro bat gastatzen zuenak orain 50 zentimo gastatzen ditu”, dio.
Hegaldi berriak albiste ona direla uste du, baina ez nahikoa. “Aldundiak aireportuari diru laguntzarik ez ematea ondo iruditzen zait; baina 100 kilometrotan aireportu asko daude, eta Revillak [Kantabriako presidente izandakoak] diruz lagundu izan du Santanderko aireportua. Nolabaiteko promozio lana behar da aireportuak aurrera egiteko”.
Iberiak bere hegaldietako prezioak murriztu dituela jakitean haserretu egin da liburu dendako beste saltzailea: “Maltzurkeria iruditzen zait”. Berak ere ondo hartu ditu hegaldi merkeak, baina “lehenago” iritsi behar zirela uste du: “Beranduegi datoz”.