Prezioek behera egitearekin erabiltzaileek gora egin dute Hondarribiko aireportuan

Urtarrilean hasi zen prezio apaleko hegaldiak eskaintzen Helitt Andaluziako konpainia Hondarribiko aireportuan; Bartzelonara eta Madrilera, astean bitan bi kasuetan. Horrek bi ondorio izan ditu, Afodesa Hondarribiko aireportua sustatzeko elkartearen arabera: batetik, Iberiak —Air Nostrum filialak eskaintzen ditu Hondarribitik Madrilerako eta Bartzelonarako hegaldiak— bere hegaldien prezioa erdira jaitsi du; bestetik, eta oraindik datu zehatzik ez badute ere, erabiltzaile gehiago izan ditu Hondarribiko aireportuak urtarrilean.

“Krisi garai honetan Hondarribian Helittekin gertatu dena bedeinkapen antzekoa da”, dio Gabriel Solak, Afodesako bozeramaileak. Egun Gipuzkoako aireportuko hegaldien prezioak “zentzuzkoagoak” direla uste du Solak.

Martxorako Madrilera joan-etorriko hegaldi bat hartuz gero, 110 euro ingurukoa da prezioa Helitt konpainiarekin —Iberiarekin, abenduan 200 eurotik gora kostatzen zen—. “Iberiak, hori ikusita, eta monopolioa galtzeko beldurrez, prezio hori berdindu eta kasu batzuetan jaitsi egin du. Bestalde, Vueling martxoan hasiko da hegaldi merkeak eskaintzen”, zehaztu du Solak.

Haren ustez, ordea, Vueling Hondarribira etortzeak Helitti zailtasunak sortuko dizkio, “Vueling konpainia handiagoa delako eta Helittek zail izango duelako horren mailara iristea”. Edonola ere, Vuelingen etorrera ere ontzat eman du Afodesak.

Era berean, Helitt Espainiako Estatuko beste aireportu batzuekin loturak egiteko prest dagoela azaldu du Afodesak; Malagarekin eta Melillarekin, esaterako. Balear uharteetarako hegaldiak ere prestatzen ari da.

Zailtasunak

Afodesaren arabera, ordea, garraio publikoaren ikuspegitik bakartuta dago aireportua. Autobusa terminalera sartzeko eta garraiobide horren maiztasuna handitzeko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bide horretan, dagoeneko bilkurak egin dituzte foru arduradunekin: “Egun aldundian daudenek, iritsi berriak izanik, ez zekiten xehetasunez zein zen garraio publiko zerbitzuaren egoera. Hori aztertzen ari dira”. Esaterako, aste barruan Hondarribitik ateratzen den lehen hegaldia hartzeko garaiz iristen den autobusik ez dago.

Hondarribikoa eta inguruko aireportuak osagarriak izan daitezkeela ere uste du Solak. Dioenez, Bilboko edo Miarritzeko aireportuekin ez da lehiatu behar: “Osagarriak izan behar dute haien zerbitzuek”.