Otamendi izenez sinatzen ditu komikiak Gari Garitanok. Kuinbo izenez, berriz, Jon Leibarrek. Zapla fanzineko kideetako bi dira. Ideia izan eta gorpuztu zuten bergararrak, hain zuzen. Dozena bat marrazkilari inguratu zaizkie, eta denen artean kaleratu dute proiektuaren lehen zenbakia. Hilabete darama kalean aldizkariak, eta Garitano eta Leibar “gustura” dira, bai emaitzarekin, bai harrerarekin: “Komunikabideetan azaldu aurretik salduak ditugu ale guztiak, eta asko gogoz gelditu dira”, dio Garitanok. 200 ale baino gehiago saldu dituzte, euro eta erdian. Haiek ekoitzi dute, haiek inprimatu, eta haiek banatu. Euskarri ekonomiko bakarra: publizitatea. Lantaldea musu truk ari da proiektuan lanean, eta, irabaziak egonez gero, horiek “materiala eskuratzeko” gordeko dituzte.
Bigarren zenbakiarekin lanean ari dira jadanik, eta noiz publikatu ere pentsatua dute: Aste Santuetan kaleratuko dute. Fanzinea hiruhilekoa izatea da asmoa: “Urteko festa garaiekin bat eginez, Gabonetan, Aste Santuetan eta udan argitaratu nahi dugu”, azaldu du Leibarrek. Aurreneko zenbakia urtarrilean plazaratu duten arren, “atzerapen tekniko baten ondorioa” izan da.
Edukiei dagokienez, komikiek dute pisu gehien fanzinean. Hala ere, beste elementu batzuek ere badute tartea: bertsoek, elkarrizketek eta denbora-pasek, esaterako. Aurreneko zenbakiak krisia eta pintxo poteoa izan ditu gai nagusitzat, eta posterra eta egutegia ere ekarri ditu erdiko orrialdeetan. Gaiak eta elementuak aldakorrak dira, ordea: bigarren zenbakia prestatzen buru-belarri ari dira, eta, oraingoan, proiektuko partaide bakoitzak nahi duen gaia nahi duen formatuan landu ahal izango du. Mugak, bi: kolorea eta ideologia. Hainbat tabernak jarritako publizitatea dute diru sarrera bakarra, eta horregatik oraingoz orrialde gutxi argitaratuko dituzte koloretan: azala, azken orrialdea eta erdiko orriak baino ez. Bestetik, fanzinea ez da politikoki lerratuko. Hala ere, alor horretan partaideek “askatasuna” izango dute haien lanari dagokionez.
Aniztasuna estiloetan
Komikiren bat kenduta, gainerakoa euskaraz aurki daiteke Zapla fanzinean: “Guk produktua euskaraz egingo dugu, baina norbaiti lana gaztelaniaz atera bazaio, ez dago arazorik”. Marrazkiei dagokienez, “denetarik” aurki daiteke: abstrakziotik hasi eta marrazki sinpleenetara artekoak; eta ordenagailuz txukundutakoetatik hasi eta arkatzez egindakoetara artekoak. Garitano eta Leibar pozik dira lortutako aniztasunarekin.
Estilo eta tamaina askotako komikiek dute protagonismoa fanzinean, eta taberna giroa da nagusi haietako askotan. Krisia eta pintxo poteoa, zein baino zein, sarri azaldu dira aldizkarian. Irudiari lagunduz hitza garrantzitsua izan arren, bada komiki muturik ere. Pertsona ezagunen artean, berriz, bat errepikatu dute gehien argi eta garbi: Espainiako presidente Mariano Raxoi. Hura da posterreko eta komiki batzuetako protagonista.
“Irudimena modu askean lantzeko esparrua izatea”, horixe da fanzinearen helburua: “Badago aldizkari batzuentzat lanak egindako jendea, komikiak esaterako. Baina marrazkilariaren lan egiteko modua asko mugatzen dute”, azaldu du Garitanok. Hori saihestu nahi izan dute proiektu burujabe honekin. Esan daiteke hortik abiatuta hasi zutela bidea Garitanok eta Leibarrek.
Zabaltzeko asmoa
Oraingoz, biltzeko toki finkorik ez dute, eta Bergarako tabernak izaten dituzte topaleku sarri askotan. Izan ere, fanzineko partaide gehienak bertakoak dira. Gaur egun, hamahiru lagun inguru dira, baina ateak zabalik ditu animatzen den orok: “Poesia, bertsoak, idatziak… bakoitzak nahi duena eskain dezake”. Ez dago Bergarakoa izan beharrik ere parte hartzeko: “Proiektua beste herri eta eskualde batzuetara zabaldu nahi genuke”. Gainera, hartara toki horietan ere fanzinea salgai jartzea eta publizitatea lortzea errazagoa litzateke Garitanoren ustez: “Lehenengo zenbakirako publizitate eske geuk ezagutzen genituen tabernetara jo genuen. Beste herrietara jo genezakeen, baina ez bagaituzte ezagutzen, zailagoa da publizitatea lortzea”. Leibarren iritzian, aurreneko zenbakia eskuan izatea abantaila izango da alde horretatik: “Orain, badugu zer erakutsia; lehen, itsuan fidatu behar zuten”.
Herritik kanpo fanzinea banatzeko moduetan ez dute sakondu oraindik. Aukerak aztertuko dituzte, baina printzipioz prest agertu dira paketeak haiek banatzeko: “Kuadrilla edo elkarteren batek bost-hamar aletik gora eskatzen badizkigu, eramango dizkiegu”, adierazi dute. Izan ere, fanzinea erosiz zein publizitatea jarriz, jendea Zapla-ra hurbiltzea baitute orain helburu.
Ororen gainetik, bigarren zenbakia dute buruan orain. Aste Santuetarako prest izan nahi dute, eta lan guztiak bildu ondoren elkartuko dira, dena zehazteko: “Elementu bakoitza non kokatuko dugun eta lanak publizitatearekin nola partekatu, hori guztia zehazteko bilduko gara”, diote. Gaia librea izan arren errepikatuko den ideiarik izango dela uste du Leibarrek: “Aste Santuetan plazaratuko dugu, eta hori agertuko den gai bat izango dela uste dut. Bestalde, sagardotegi garaia hasita dago, eta horrek ere lekua izango duela pentsatzen dut”. Hortxe, aurrerapena.