‘Gozokien mutila’ bihurtu den ONCEko saltzailea

Azken hiru urteak Oiartzungo Carrefourren dagoen kioskoan eman ditu lanean Rudik, goizeko ordutegian. Arratsaldez, berriz, ONCEko txartelak banatzen ditu Errenteria eta Oiartzungo hainbat taberna eta saltokitan.

Jose Luis Oses donostiarra da bezeroetako bat, eta pozik azaldu da Rudik jasotako sariarekin: “Denetarik du mutil honek: jatorra da, atsegina, eta hizketarako tartea ere eskaintzen dio bezeroari. Saltzailerik onena da. Gainera, niri zortea ere ematen dit”.

Iritzi berekoa da Urnietako Jon. “Supermerkatu honetan erosketak egiten ditudalako erosten diot berari kupoia. Horretaz gain, oso jatorra eta atsegina da jendearekin; oso ongi portatzen da”. Rudiren jatortasuna nabarmendu dute Jose Manuelek, txartela erostera kioskoraino inguratu den hernaniarrak, eta Beak merkataritza gune bereko langileak. Azken horrek, ordea, zortea ematea falta zaiola gaineratu du, barrez: “Niri, behintzat, ez zait tokatzen ezer”.

Hainbat bezerorentzat gozokien mutila bilakatu dela esaten du Rudik, txartelarekin batera gozokiak ematen dituelako: “Opari txikia da, txorakeria, baina jendeak izugarri estimatzen du”.