Harrotasunez jaso du Iñaki Rudi pasaitarrak ONCEk eman berri dion saria. 2011. urteko Euskal Autonomia Erkidegoko saltzailerik onena izendatu dute, eta pozik erakusten die bezeroei ONCEren kioskoan gordea duen oroigarria: “Ez da harrokeria, harrotasun kontua baizik. Gustura erakusten diet bezeroei, haiei esker jaso dudalako eta haiekin partekatu nahi dudalako. Eskerrak emateko modu bat da”.
ONCEko hainbat profesionalek osatutako batzorde batek aukeratu du urteko saltzailerik onena. Horretarako, urteko salmentak, lanpostuan duten jarrera, ONCErekiko atxikimendua zein ematen duten irudia izan ditu kontuan. Rudik “primeran” betetzen omen ditu horiek guztiak, eta horregatik lortu du saria, berak merezi izateko ezer berezirik ez duela egin argi badu ere: “Egin behar dudana egiteagatik eman didate saria, ezer berezirik ez dudalako egiten, eta nire lanaren onarpena egitea zoragarria da”. Bezeroek merezi duela esan badiote ere, pasaitarrak esan duenez pentsatu izan duela hala ote den ere.
Salmenta teknika bakarra “naturala” izatea dela nabarmendu du Rudik, eta ikusi edota irakurtzen duena xurgatzea gustatzen zaiola gaineratu du: “Erostera joaten naizenean saltzaileak nirekin izandako jarrera gustatzen bazait, nire lanerako baliatzen dut”. Jendearen erreakzioak erakusten du bidea, saltzailearen hitzetan: “Ongi ari zaren edo ez bezeroak markatzen dizu; haren jarrerak”. Horrekin batera, behin baino gehiagotan jarri ohi ditu kartelak saltokian, aurretik pasatzen direnen arreta lortze aldera: “Saltzaile batek esan zuen behin, jendea kioskoa ikustera ohitu egiten dela, paisaiaren elementu bat gehiago bihurtzen dela. Pasatzen diren hamar lagunetik hiru, kartela ikusi eta irakurtzera gelditzea lortzen baduzu, eta erostea gainera, ba, primeran”.
Lau urte ONCEn lanean
Txartelak saria duen edo ez ikustera joaten direnean, bezeroen begi bistan egiten du guztia Rudik. Hori ere eskertzen omen du jendeak: “Txartela beti bezeroaren begien aurrean edukitzea garrantzitsua da”, azaldu du.
Zerbikaletako hernia batek eragindako elbarritasunak eraman zuen Rudi ONCEra, orain lau urte. “Besteen gaixoaldiak betetzen hasi nintzen lehenengo, eta dagoeneko lau urte bete ditut lanean. Zortea izan nuen”, gaineratu du. Salmentei dagokienez, kexatzeko arrazoirik ez duela esan du. “Saltzaile beteranoekin hitz egiten baduzu, asko jaitsi dela esango dizute, ordea”. Garrantzitsuena bezero “konstanteak” edukitzea dela nabarmendu du: “Gutxi erosten duten bezero asko izateak animatzen zaitu salmentarekin jarraitzera”.
Lau urte hauetan sariak ere banatu ditu Rudik. 2010. urtean 35.000 euroko hiru sari banatu zituen Errenteriako taberna batean. 5.000 euroko beste bi sari banatu zituen iaz. “Lau urtean halako sariak banatzea ere ez da ohiko kontua”, zehaztu du.
Jaso berri duen sariak lanerako grina areagotu dion galdetuta, berriz, “pizgarria” badela erantzun du: “Enkargatu batek esan zidan, txantxetan, hobera egiten badut datorren urtean berriz jasoko dudala saria. Nik argi dut ezetz, beste batzuei eman behar zaie bidea. Nik, gainera, nahikoa dut Goya batekin”.