“Larrialdietan ibiltzen garenez, jendeak gutxi ikusten gaitu”

Gipuzkoako Babes Zibila elkarteko lehendakaria da Joxe Arizmendi (Ordizia, 1964). Erakundeak Gipuzkoan dauden babes zibileko sei taldeak biltzen ditu. Boluntarioekin lan egiten duten beste taldeen moduan, jende falta nabari dute.

Ekaitz bortitzek eragindako kalteak arintzen zein jendetza biltzen den egoeretan ikus daitezke babes zibileko taldeetako kideak. Herritarren segurtasun fisikoa bermatze aldera lan egiten baitute. Larrialdietako zerbitzuetako profesionalekin batera lan egiten dute ezohiko egoeretan. Haien eginkizun nagusia da polizia, sorospen, suhiltzaile eta antzeko zerbitzuei laguntza ematea, eta, beharrezkoa denean, baita horiek ordezkatzea ere.

Gipuzkoan zenbat boluntario dabiltza babes zibilean?

Gipuzkoan sei boluntario talde dabiltza. Irun, Errenteria, Zarautz, Pasaia, Tolosa eta Ordizian daude taldeak, eta, guztira, ehun lagun inguru izango gara.

Zein lan mota egiten duzue?

Bi esparrutan aritzen gara. Batetik, prebentzioaren alorrean eta, bestetik, larrialdia bera sortzen denean. Udal guztietan larrialdi planak daude, eta dokumentu horietan jasotzen dira herri horietan gerta daitezkeen larrialdiak eta arazoa gauzatuz gero nola jokatu. Ezer gertatu aurretik landu egin behar dira plan horiek. Zaintza zerbitzuetan ere parte hartzen dugu; hau da, prebentzioaren alorrean, jende askok elkartu behar duenean edo ekitaldi handietan. Udaltzainei laguntzea, esaterako, inauterietan; harrapatze arriskuak antzeman eta horien aurrean zerbait egiten dugu. Dokumentuetan jasotako neurriak gauzatzea, alegia.

Larrialdietan ere jarduten duzue.

Beste alderdia esku hartzea da. Legean jasotzen denez, larrialdietan parte hartzen duten zerbitzu profesionalei laguntza ematea da gure lana, edo beraiek ez badaude, edo gaindituta badaude, ahal den neurrian laguntza ematea eta ordezkatzea. Hori bai, aparteko larrialdietan. Ohiko larrialdietan profesionalek berek ondo betetzen dutelako beharra. Azken batean, jende behar handiagoa dagoenean aritzen gara.

Boluntario jarduteko, zeintzuk dira baldintzak?

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat atera zuen larrialdi sisteman jendearen parte hartzea arautzeko. Legearen arabera, babes zibilean edozein ari daiteke; betiere, gutxieneko heziketa jasota.

Zeinek ematen dizue prestakuntza?

Bi bide daude: batetik, guk geuk antolatzen duguna, eta bestea ofiziala, Jaurlaritzak antolatzen duena. Duela gutxira arte dirua jasotzen genuen, heziketa kontratatu eta antolatzeko. Orain, Arkautiko [Araba] akademian ematen digute formazio hori, Ertzaintzaren ikastegi ez ezik larrialdi ikastegi ere bai baita orain.

Boluntarioekin lan egiten duten taldeek diote jendea falta dela.

Adin batera iritsi garenok, agian, gauzak beste era batera bizi izan ditugu. Aldaketa handia gertatu da urte gutxian. Konpromisoa beste era batera ikusten genuen duela urte batzuk. Suposatzen da jendea berekoiagoa dela eta gehiago kostatzen zaiola boluntario aritzea. Baina, bestetik, konprometitu nahi duen pertsona batek inoiz baino alor gehiagotan egin dezake, eta gu geu hor beste aukera bat gara. Larrialdietan ibiltzen garenez, jendeak gutxi ikusten gaitu, eta geure burua saltzeko zailtasunak dauzkagu.

Zuekin jarduteak denbora asko xahutzen al du?

Talde bakoitzak bere dinamika dauka. Baina nahi duenak parte har dezake, eta edukiko dituen gutxieneko eginbeharrak ez dira asko izango.

Nola animatuko zenuke zalantzan dagoen bat zuekin lan egitera?

Boluntarioaren beraren arabera. Alor honetan oso ondo sentitzen zara, lan bat eginda, herritar batek eskertzen dizunean. Hori izaten da jasotzen dugun ordaina. Lan hau oso anonimoa da, baina, era berean, oso bihotz-altxagarria da. Zu zeure buruarekin gustura, eta besteak ere zurekin gustura. Nik neuk esaten dut pozik sentitzen naizela. Bestalde, gaur egun ematen du administrazioak eman behar dizkigula zerbitzu guztiak, eta badirudi elkartasunarentzat tarterik ez dagoela. Munduko diru guztia izanda ere badaude galdu behar ez diren balio batzuk. Horrez gain, badaude gazteentzat erakargarriak izan daitezkeen hainbat jarduera, esaterako, larrialdietan gidatzea, uholdeetan artatzea… horiek ere ikasten ditugu.