Mendebaldeko Saharako herriari laguntzeko elkartasun ekimen ugari egiten dira urtero Euskal Herrian. Euskal karabanaren bidez eramaten diren jakiak, uda pasatzera etortzen diren haurrak… Laguntzeko modu asko daude, baita korrika egitea ere. Ormaiztegin 2007. urtean hasi ziren Sahararen aldeko krosa egiten, Mohamed Salem Hach Embarek zenaren omenez. Harrezkero, 30.000 eurotik gora bildu dituzte, eta laguntza hori Aljeriako errefuxiatu kanpamentuetan egindako garapen proiektuetara bideratu dute. Igande goizean egingo dute lasterketa, seigarren urtez. Hamaiketan hasiko da proba nagusia, eta hamabietan, testigantzako herri proba.
Mohamed Salem Hach Embarek, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren ordezkari izan zen, eta diplomazia lanak egin zituen hainbat herrialdetan. Hil aurretik, Ormaiztegin bizi izan zen, Gurutze Irizar emaztearekin eta Garazi eta Beñat seme-alabekin batera. Bai Saharan eta bai Ormaiztegin, pertsona ezaguna eta maitatua izan zen. Hura hil ondoren hasi ziren Ormaiztegin horrelako proba bat egin nahian. Antolakuntza lanetan aritzen da Iñaki Amundarain; hark azaldu duenez, “2005ean hil zen Salem, eta, haren omenez zerbait egin behar zela eta, taldetxo bat biltzen hasi zen; eta horrelaxe, pixkanaka hasi zen Sahararen aldeko lasterketa bat egiteko ideia”.
Proba antolatzeko garaian izan zituzten zalantzak, baina garbi zuten herri proba bat egin nahi zutela, eta, horretarako, lasterketa bitan banatu zuten. “Batetik, lasterketa normal bat egin nahi genuen, 10 kilometrokoa. Distantzia ona da, ez da ez motzegia eta ez luzeegia, eta jende dezentek parte har dezake”. Baina garbi zuten probak herri izaera izan behar zuela, elkartasunezkoa. “Horregatik jarri genuen testigantza proba esaten dioguna; hor umeek, gurasoek eta prestatu gabeko jendeak parte hartzen du, edonor atera daiteke”.
Ormaiztegiko probak, bi helburu nagusi dituela azaldu du Amundarainek: “Dirua biltzea eta gizarteari errefuxiatuen kanpamentuetako egoera ezagutaraztea”. Hasieratik garbi zuten proba hori egiteko arrazoia laguntza ekonomikoa lortzea izango zela: “Izan ere, kanpamentuetan oinarrizko gauzak falta dituzte, eta garbi genuen biltzen genuen guztia hara bidaltzeko izango zela. Horregatik, korrikalariek jartzen dutenaz gain, diru eskariak egiten dizkiegu inguruko enpresei eta dendei”. Proba horren beste berezitasun bat, sariena da. “Hemen hasieratik esan genuen ez zela saririk izango, biltzen genuen guztia Saharara bidaltzeko izango zela”. Baina alde ekonomikoarekin batera, kontzientzia ere landu nahi dute. “Hango egoeraren eta Saharako herriaren kausaren inguruan informazioa ematen saiatzen gara”. Horretarako, lasterketa hasi aurretik informazioa ematen dute, eta, probaren ondoren, festa giroan hango jakiak, umeentzako ipuinak, eta abar izaten dituzte.
Parte hartzaileei dagokienez, “denetariko jendea” izaten dela azaldu du Amundarainek. “Batzuk kirol arloak erakarriko ditu, proba labur bat egin eta goiz-pasa bat egiteko aukera delako. Beste batzuk, ordea, kausarengatik etortzen dira; asko, adibidez, oso urrutitik datoz, Bilbotik, Iruñetik, Zaragozatik, Santandertik… horiek ez dira korrika egitera bakarrik etortzen”. Beste fenomeno bitxi bat ere antzeman dute antolatzaileek, asko baitira izena eman eta gero parte hartzen ez dutenak; “laguntza emateko beste modu bat da”. Bitan banatutako proba izanda, eta, izena emandako batzuek parte hartzen ez dutela jakinda, zaila egiten zaie parte hartzearen inguruko datu zehatzak izatea; baina, iaz, 300 bat lagun izango zirela dio Amundarainek. Horien artean, Gipuzkoan aurrean ibiltzen diren korrikalariak ere badaude; “David Martin, Juanjo Igartzabal… aurrean ibiltzen dira, eta karrera mordoxka irabazten dute. Eta hemen badakite saririk ez dutela, baina beraien borondate ona erakusten dute parte hartuta”.
Kanpamentuetako egoera
Ormaiztegiko krosari esker, urtero sei-zortzi mila euro biltzen dituzte, eta kopuru hori errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzen dute. Donostiako Sahara Herriaren Aldeko Lagunak Elkartea arduratzen da dirua hara bideratzeaz. “Guk bildutako diru kopurua elkarteari ematen diogu, eta beraiek eta hango gobernuak erabakitzen dute ondoen zertarako erabili behar den”. Hainbat proiektu finantzatu dituzte dagoeneko laguntza horri esker; tartean, anbulantzia bat eta baratze bat. Urtero egiten duten ekarpen hori “laguntza handia” dela esaten diete elkartekoek, Amundarainen arabera: “Askotan konturatu gabe egiten dugu, urtean urtekoa antolatzen saiatzen gara, eta guretzat errutina moduko bat da, baina tarteka horrelakoak entzutea polita izaten da”.
Errefuxiatuen kanpamentuetan duten egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan du Amundarainek. “Joan nintzenean, aurreneko sentsazioa tristura izan zen. Ezer ez dagoen toki zabal hartan, buztinezko etxeak, alde guztietara begiratu eta pentsatzen duzu, ‘hemen pertsona batek zer egin dezake?’. Falta, dena falta zaie. Erabat nazioarteko laguntzaren menpe bizi dira”. Marokok 1975ean okupatu zituen sahararren lurrak, eta populazioaren zati handi batek ihes egin behar izan zuen. Horietako asko, Aljeriako lurretan dauden errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira geroztik. Kanpamentu horietako egoera “behin-behinekoa da, baina 35 urte denbora asko da gizarte bat era horretan bizitzeko. Gehiegi luzatzen ari da”.