Haserrea sentitzen dut oraindik, haserre bizia, sabela ziztatzen duen horietakoa. Gerora baretuko da seguru, eta orduan etorriko dira tristura, hutsunea eta negarra. Baina oraintxe bertan barneko gorrotoak ematen didan indarrarekin, gertatutakoaren errua norbaiti egotzi ahalko banio, neure eskuekin akabatuko nuke, inongo damurik sentitu gabe. Nori bota ordea errua? Amiantoari? Jaungoikoari? Sinestunen ustetan, gaixotasunak ez dira Jaunaren esku dagoen zerbait, baina hilzorian dauden gaixoak eta elbarriak sendatzeko meritua betidanik aintzatetsi zaio Ahalguztidunari. Jaungoikoaren legea, porrotak besteen errua eta obra onak norbere meritua; politikari txarrek erabiltzen duten lege bera. Ez dut inoren sentimendurik mindu nahi, baina nahiago dut Jaungoikorik ez dagoela sinetsi, ze baldin badago neure indar guztiekin gorrotatuko dut.
“Ez diot inori halako gaitzik opa” diodanean, gezurretan ari naiz. Anttonen aurretik beste hamaika hautagai datozkit burura, hark baino gehiago merezi dutenak. Beraz, bai, Antton libratzeko balio izan balu, neronek aukeratuko nituzke behatzarekin, banan-banan, minbizi nazkagarri horrek akabatuko lituzkeen pertsonak. Aztora zaitezte nahi baduzue, kondenatu nazazue, orain artekoa baino kondena zailagorik ezartzea kostako zaizue eta. Haserre hasi dut hizketaldia, baina ez dut garraztasun horrekin jarraitu nahi, berari ez bailitzaioke gustatuko.
Antton, jakingo bazenu zenbat jende gerturatu zen zu agurtzera… eta zenbat estimatzen zintuzten herritarrek! Gogoan dut ezagutu zintudanean esan zenidan lehen gauza: “Ez zaiz inoiz politiko izan”. Barre egin nuen, grazia egin zidan ironia hark, zu zeu politikari izanda besteei halako aholkuak ematen! 21 urte eman dituzu Idiazabalgo alkate fina izanez, zure herrigintzako lankideek esan zuten bezala, sigla guztien gainetik, alderdi politiko guztien gainetik, herriarentzat eta herriarekin lanean. Horixe da politikari on bat niretzat, herriaren interesa begiratzen duena, inposatzailea ez dena eta hizketarako beti prest dagoena. Herrigintzako lankideen esaldi bat dut gogoan, hasieratik asko gustatu zitzaiguna, eta paregabe definitzen zaituena: “Zeresan handiko gizona, isilik joana”. Alkate, dantza irakasle, iniziatiba handiko gizona eta borrokalaria, profesionalki eta pertsonalki. Borrokalaria bizitzaren aurrean eta borrokalaria heriotzaren aurrean ere. Halere, eremu profesional horretatik haratago ezagutu zaitut, eta hori daramat bihotzean.
Zu ezagutu izanak gauza bat dauka txarra, orain galdu zaitugula onartu behar izatea eta min hori barruan eramatea. Baina betidanik pentsatu izan dut bizitzari eta gauzei alde ona begiratu behar zaiela bakarrik, alde txarra bistan baitago beti. Eta hainbeste alde on ditu! Une zoragarri horiek gogoratu nahi ditut betirako, zure ateraldiekin egindako barreak, bazkari-afari goxoak, mimoak eta baita giltzak ahazteagatik botatako errieta txikiak ere, zer arraio! Gogoan dut nola gozatzen zenuen mariskoa jaten genuenean, begira geratzen zinen, eta zeure platereko gozamena baino gehiago gustatzen zitzaizun besteona begiratzea; barre txiki batekin esaten zenuen “gustoa ai zeate e?”; eta ardo txuri eder horrekin txin-txin egiten genuen Getariko portuari begira. “Gugatik. Osasuna”. Trago goxo hartan osasunak iraun zigun behintzat, eta oroitzapen horrekin gelditu nahi dut. Esker ona baino ez daukat emateko. Eskerrik asko egindako borroka guztiagatik, eskerrik asko utzi diguzun familia paregabeagatik, asteazkenetan meriendaren inguruan biltzen jarraituko dugu. Eskerrik asko ahizpa berri bat ezagutzeko aukera emateagatik, ondo zainduko dut zure Pitzin, ez kezkatu horregatik. Eta ESKERRIK ASKO, batez ere, mundu honetan gehien maite dudana, nire ama txiki, hain zoriontsu egiteagatik. Ez zaitut sekula ahaztuko, kaxkazuri.