“Diru asko behar da rallyetarako, edo babesle oso onak bestela”

Umetatik da motorzalea Joseba Sanchez (Ordizia, 1982). Aitonarekin ikasi zuen gidatzen gaztetxotan, eta gidabaimena atera orduko, lasterketetan parte hartzen hasi zen. Bizpahiru urtean kopilotu moduan aritu zen Azpeitia aldeko jendearekin, eta lanean hasi zenean, bolanteari heldu zion. Egun, Lagun-Artea lasterketa taldearekin aritzen da, eta bigarren mailako Gipuzkoako txapeldun izendatu berri dute. Xabi Mendizabal herrikidea du kopilotu.

Gipuzkoako bigarren mailako rally txapeldun izendatu zaituzte orain gutxi. Zenbat maila daude rally txapelketetan?

Sei maila daude, motorraren zilindroen edukiaren arabera eta zaldien arabera. Maila bakoitzean txapeldun bat izendatzen dute, eta ni bigarren mailakoa naiz. Citroen Saxo batekin ateratzen naiz, 160 bat zaldiko auto batekin. Autorik onenak seigarren mailakoak dira, gero bosgarrenekoak… Gabirian, esaterako, seigarren mailako auto batek irabaziko duela pentsatzen dut, eta hala ez bada, bosgarrengoko batek.

Pozik titulu berriarekin?

Ez nuen espero irabaztea, ez baitut lasterketetan parte hartzen txapelketa bat irabazteko. Ahal badut, urte osoan lau edo bost probatan aritzen naiz; dena aurrekontuaren arabera izaten da. Ez dut jarraitu puntuaketa.

Erregulartasuna saritzen da, beraz.

Gipuzkoan jokatu diren probetan lortutako emaitzak hartzen dira kontuan, bai rallyesprintetakoak, baita rallyetakoak ere. Gipuzkoan bost rallyesprint daude; Gabiriakoa, Hondarribikoa, Nañarri Alegiakoa, Azpeitiko Ikasberri eta Eibarkoa. Eta rallya bakarra dago, Donostiakoa. Horrek puntuazio bikoitza izaten du. Bostetik lautan parte hartu nuen, eta laurak bukatu nituen. Rallyan autoarekin arazoak izan nituen, baina bukatu egin nuen, eta puntuazio bikoitza duenez…

Aurrekontua aipatu duzu. Kirol garestia al da?

Oso garestia. Istripu bat, txapa kolpe bat edo matxura bat izanez gero, norberaren kontura izaten da. Diru asko behar da, edo bestela babesle oso onak. Beste aukera bat da norberak ikastea gauzak konpontzen. Nik zortea daukat, mekanikaz-eta asko dakiten lagun onak dauzkat, eta asko lagundu eta irakatsi didate. Horrez gain, gurpilak, segurtasunerako arropak eta izen-emateak ere garestiak izaten dira. Rallyesprintean izena emateko, 130 euro ordaindu behar dira, eta rally baterako, 240.

Eta trukean jaso?

Normalean, ezer ez. Rallyesprinta bukatzen dutenen artean diruren bat banatzen da, baina rallyetan, adibidez, ezer ere ez.

Krisiak zenbaterainoko eragina izan du motorraren munduan?

Antzeman da. Auto askok segitzen dute oraindik, baina beherakada auto oso onak dauzkatenen artean sumatu dela uste dut, ez baitute parte hartzen horrenbeste probatan. Auto txikietan, gurea bezalakoetan, jende asko dabil oraindik, eta atzetik ere jendea dator.

Etzi ekingo diozu denboraldiari, Gabirian. Hasteko gogoz al zaude?

Gabiriakoa aurrenekoa da, eta uste dut denok egoten garela gogo handiarekin. Denboraldian istripu txikiak izaten dira, matxurak ere bai, eta horregatik da jendetsuenetakoa Gabiriakoa. Azaroan izan zen azkenekoa, eta Gabiriarako amorratzen nago.

Eta zer asmo duzu aurtengo denboraldirako?

Aurrekoetan bezala ibiliko naiz. Hiru edo lau probatan parte hartuko dut, neure burua estutu gabe.

Xabi Mendizabal herrikide eta laguna duzu kopilotu. Konfiantza ezinbestekoa izango da horrelakoetan ezta?

Bion meritua da txapelketa irabaztea, kopiloturik gabe gidaria ez baita ezer. Bakoitzak bere lana dauka, eta biek ondo egin beharra daukate. Bihurguneak-eta noiz datozen berak esaten dit, denbora berak kontrolatzen du… Konfiantza handia behar da bai, bera nahasten bada arriskua baitago gauzak gaizki ateratzeko.

Kirol arriskutsua al da?

Bai eta ez. Bere arriskua badauka, baina segurtasun aldetik neurri asko eta onak daude. Errepideak-eta direnak dira, eta segurtasuna autoak eduki behar du.

Eta entrenatzeko-eta nola moldatzen zarete?

Errepidean ezin da tontoarena egiten ibili, ezin zara ibili nahi duzun bezala, hori garbi eduki behar da. Autoarekin ibili nahi izanez gero, zirkuitu batera joan behar duzu, edo bestela lasterketak erabili entrenatzeko. Azpeitiko jendearekin-eta Pauera [Frantzia] joan izan naiz ni, eta Miranda Ebron ere [Espainia] badago beste zirkuitu bat.