Askotan, gertukoa baino hobeto ezagutzen da urrunekoa, eta horrelakorik gertatzerik ez dute nahi Oarsomusikan. Horri irtenbide bat emateko, bihar Oarsoinua jaialdia egingo dute Errenterian, eta protagonistak etxekoak izango dira, eskualdeko musika taldeak. Antolatzaileek 11 talde elkartu dituzte jaialdirako, eta “sorta zabala” lortu dutela iritzi diote: metala, musika esperimentala, rock-and-rolla, funka, musika tradizionala…
Oarsomusika krisia lehertu ondotik sortu zen, eskualdean musikaren arloa dinamizatu eta sustatzeko asmoz. Hasieratik dabiltza lan horretan Igor Carballo eta Ander Fernandez. Carballoren esanetan, musika taldeei asko kostatzen zaie kontzertuak izatea, eta hortik abiatuta, eskualdeko hainbat taldetako kideak biltzen hasi ziren.
Batzarretan elkartzen dira hilero, eta han zehazten dituzte taldeek dituzten behar eta helburuak. Beharraren arabera egiten dute lan. Hasieran, helburu hauek ezarri zituzten: musika taldeen errolda bat egitea, eskualdean hainbat zirkuitu sortu eta espazioak koordinatzea eta ekimena ezagutarazteko jaialdi bat egitea; biharkoa, hain zuzen.
Eskualdeko taldeak, batik bat, euren lanak aurkezteko lekurik ezak kezkatzen ditu. “Inor ez zaie joaten ate-joka. Haiek mugitu behar dute, eta askok ez dakite nola egin. Gainera, geroz eta zailtasun gehiago daude lanak jendeari erakutsi ahal izateko”, adierazi du Carballok.
Garai batean kontzerturen bat ematea errazagoa zela iritzi dio Carballok: “Orain, udalek geroz eta traba gehiago jartzen dituzte tabernetan jotzeko edo kalean jaialdi bat egiteko”. Biharko kontzertua antolatzeko ere izan dituzte, alde horretatik, trabak. Hasiera batean, hamar taberna prest azaldu ziren kontzertuak bertan egiteko; baina, guztiek kontzertuetarako baimenik ez zutenez, azkenean, lautan bakarrik jo ahal izango dute musikariek.
Antolatzaileek diote leku falta agerian geratu dela jaialdia antolatzean. Izan ere, jotzeko prest azaldu diren taldeak —erroldan hemezortzi bildu dituzte— egitarauan sartu direnak baino gehiago dira, eta orain, beste zerbait antolatu arte, zain egon beharko dute kanpoan geratu diren horiek.
Hala ere, Errenteriako Udalak alternatibak eskaini dizkiela azaldu dute. Zumardian karpa bat jartzea, Errenteria Hiria kulturgunea erabiltzea… Ordea, bi kasu horietan musika ekipoaz Oarsomusikak arduratu behar zuen; baina, baliabide ekonomikorik ez dutenez, atzera bota dituzte bi proposamenak.
Azkenean, baina, arratsaldeko kontzertuetarako musika emanaldiak eskaini ohi dituzten eta baimena duten tabernak topatu dituzte eta lortu dituzte. Gauerako, berriz, gaztetxera eramango dituzte kontzertuak. Guztiak, Errenterian.
Eskualdeko lau herrietatik hori aukeratu dute, erdigunea delako, baina aurrera begira beste ekitaldiren bat antolatzen badute, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako lau barrutietara ere zabalduko dute. “Eskualde guztian zehar taldeek euren lanak aurkeztu ahal izateko lekuak topatzea da asmoa”, esan du Fernandezek.
Orain arte, errolda egiten aritu dira, eta hurrengo urratsa herri bakoitzean kontzertuak eman daitezkeen tokietakoekin harremanetan jartzea da, eta eskualdean mugimendu bat sortzea: “Oiartzungo taldeek San Pedron jotzea, San Pedrokoek Errenterian, Errenteriakoek Lezon…”.
Hori, ordea, hurrengo bilera batean aztertuko dute. Orain, biharko egunaz gozatu behar dutela diote. Oarsomusikan daudenentzako eta herritarrentzako festa bat izango dela adierazi dute, eta taldeak ezagutzeko aukera emango duena. Hain zuzen, ordutegia kontzertu guztietara joateko moduan osatu dute. Orain, entzutea bakarrik falta da.