Gaueko autobus gidariak greban dira txotx garaiko azkenengo larunbatera arte

Larunbat gauetan Urnieta eta Hernanitik Donostiarako bidea egiten duen Garayar autobus enpresako langileak greban daude aurreko larunbataz geroztik. Apirilaren 28ra arte ez dute larunbat gaueko zerbitzua emateko asmorik; txotx garaiko azken asteburura arte, hain zuzen ere.

Langileek greba egiteko eman dituzten arrazoietako bat da segurtasunik ez dagoela larunbat gauetan lanean aritzeko; gaueko hamaiketatik goizeko zazpietara lan egiten dute, eta salatu dute arazoak izan ohi dituztela festa eginda datozenekin. Hernaniko Udalak proposatu du udaltzainak egotea autobus geltokian, bidaiariak autobusera igotzeko orduan, egoera “zaintzeko”.

Enpresa pribatua da Garayar, baina funtzio publiko bat betetzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lizentzia baitu horretarako. Diputazioak adierazi duenez, “lan gatazka hori ez dago zuzenean aldundiarekin lotuta”, baina, Garayarrek zerbitzu publiko bat ematen duenez, grebak kalte egin diezaieke herritarrei. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gutxieneko zerbitzuak jartzeko, eta prest agertu da bitartekari gisa aritzeko langileen eta enpresaren arteko negoziazioetan, lan gatazka konpontzeko.