Harrera familia gehiagoren bila

Aurten, oraingoz, ez doa oso ondo”. Halaxe esan du Marian Izagirre Aizpeoleak (Errenteria, 1968), Txernobyl Elkarteko presidenteak, eta urtero legez Txernobyl ingurutik haurrak ekarri ahal izateko azaroan abiatu zuten kanpainaz mintzo da. “Urte hau ez da oso ongi abiatu; egia esan behar da. Lehengo urtean ere krisian geunden, baina, hala ere, 59 adingabeko gehiago gonbidatzea lortu genuen”, azaldu du. Aurten, ordea, “gehiago” kostatzen ari zaiela onartu du: “Oraindik familia berri gutxi ditugu, eta horrek haur berri gutxi esan nahi du”. Alegia, programan parte hartu nahi duten haur batzuk Euskal Herrira etortzeko aukerarik gabe uztea.

Krisiaz gaindi, ordea, Txernobyl inguruko haurren beharrek hor segitzen dute. “Osasunaren Mundu Erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeak esaten dute haur hauek kutsatuta dagoen eremutik atera behar dutela, eta toki garbi batean egon behar dutela, janari garbia janez. Adituek diote lau, bost edo sei uda eremu horretatik kanpo bizitzeak modua emango diela heldu osasuntsu moduan garatzeko. Eta hori da gure lanerako oinarria”, azaldu du Izagirrek. 1996az geroztik ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familietara Txernobyl inguruko haurrak bideratzen. Iaz, esaterako, 262 adingabek Euskal Herrian igaro zuten uda —horietatik 178k, Gipuzkoan—. Izagirreren etxean, esaterako, Ukrainako bost haur batzen dira udan. Ukrainako bi haur adoptatuta dauzka; ikasketak direla medio, Ukrainako beste adingabeko bat etxean bizi du, eta haren bi senide udan harreran hartzen ditu.

Hain justu, besteak beste haurren osasunaren inguruko kezkak bultzatu zituen Itziar Ibañez (Andoain, 1944) eta haren senarra haur bat harreran hartzera: “Arduratu egiten zaitu munduan osasun arazoak dituzten edo oso baldintza txarretan bizi diren hainbeste haur daudela ikusteak”. Arrazoi hori zela medio, lehendik hainbat haur besoetako hartu zituzten, “baina, beti, apur bat urrutitik. Ezin genuen haurrik harreran hartu: lan egiten genuelako, nire ama zaintzeko ardura nuelako…”. Erretiroa hartzearekin batera sortu zitzaien aukera. “Irratian egiten ari ziren eskaera entzun eta pentsatu genuen: ‘Hau da garaia'”.

Kezka apur batekin jo zuten, ordea, Txernobyl Elkartera. “Gure kezka zen erretiratuak ginela biok, bagenuela adin bat, eta pentsatzen genuen, akaso, baztertu egingo gintuztela”. Ez zen, ordea, hala izan. Aurtengo udan, laugarren urtez, etxean izango dute Dima: 10 urteko mutikoa. “Gure kasua oso-oso positiboa izan da. Gainera, epe luzerako zoriontasuna da; poztasun handia ematen du”. Areago, bikotearen barnean “batzeko” ere balio izan diela uste du: “Etorri aurretik antolatu egin ginen, biok inplikatzeko, eta horrek biok batzeko ere balio izan du”.

Berme guztiekin

Familiek, haurrak harreran hartu ahal izateko, ez dute baldintza zehatzik bete behar. Honela azaldu du Izagirrek: “Haur bakoitzak bere beharrak ditu, eta elkarteak, behar horien arabera, familia egokia bilatzen dio”. Izan ere, familia guztiek egin dezakete ekarpenen bat: “Denbora eskaini dezakete batzuek; beste batzuek, gaztetasuna, jolastu ahal izateko etxean haurrak izatea, beste batzuek arreta… Hala, haur bakoitzaren beharrak eta familiak egin dezakeen ekarpena uztartzen saiatzen gara”.

Eta uztarketa horretatik harremana sortzen da. Ibañez, esaterako, iaz Ukrainan izan zen, elkarteak Aste Santuan urtero antolatu ohi duen bidaian. “Txernobylgo leherketaren 25. urteurrena zenez, berezia zen. Han egon ginen haurraren familiarekin, ingurua ikusi genuen, haurrek eskutik helduta eskola erakusten ziguten…”. Eta udako hilabeteek, Ukrainarako bisitek zein telefono deiek lotura estua sortzen dute, apurka. “Orain, telefonoz hitz egiten dugu. Eta euskaraz, gainera”. Lehen urtean zalantza izan bazuten ere, euskararen aldeko hautua egin zuten Ibañezen etxean: “Orain gure komunikazio modua euskara da”.

Familiek zein haurrek jasotzen duten babesa eta aholkularitza ere azpimarratzen dituzte: bai programan sartu aurretik, baita ondoren ere. Xedea, harrera “ongi” joatea: “Ongi joateak esan nahi du haurra gustura egotea, familia gustura egotea eta berriz egitea”, adierazi du Izagirrek. Berriz egiteak modua ematen baitu urte osoan erradiazioa jasaten duten haurrak osasuntsu hazteko.

Txernobylgo zentral nuklearraren leherketak kalte egindako Ukrainako bi eremutatik ekartzen dituzte haurrak: batzuk Kiev hiriburuaren ingurutik eta besteak landa eremutik, “baina, betiere, Txernobylgo ziurtagiria duten haurrak dira”. Alegia, erradiazioak eragina duen eremuetan bizi direla ziurtatzen duen agiria duten adin txikikoak dira. Izan ere, Txernobyl Elkarteak berme guztiekin egiten du lana: “Beharra duten haurrak bakarrik etortzen dira”.

Ibañezen arabera, bi eremu horietako errealitatea ere ezberdina da. “Haur batzuk hiriburuaren inguruan bizi dira: baldintza txarretan dauden herriak dira. Baina, landa eremukoak are baldintza txarragoetan bizi dira. Batez ere lurrak ematen dietenetik bizi dira, ez daukatelako besterik. Baina kontua da lurreko produktuek kutsatuta egoten jarraitzen dutela. Biziraupen kontua da”.

Legezko epeak amaitu bitartean familia berrien bila jarraituko dute. Eta eurekin harremanetan jartzeko bideak, zabal-zabalik dituzte: 670-41 90 78 telefonora deituta, edo chernobil@asociacionchernobil.info posta elektronikora mezu bat idatzita. Informazio gehiago nahi izanez gero, sarean http://asociacionchernobilelkartea.blogspot.com helbidean ere lor daiteke. Helburua: ilusio eta behar hori duten Txernobyl inguruko haurrak aste batzuez handik atera eta osasuntsu hazi ahal izateko aukera eskaintzea.