Sagardotegi garaian jai giro parekidea aldarrikatu dute Hernaniko talde feministek

Sagardotegi garaia gozoa izan daiteke parrandazaleentzat, baina baita mikatza ere; alkoholak jarrera sexistak azaleratzen ditu sarri, eta horrek bide ematen die hainbat motatako erasoei. Fenomeno hori urte osoan gertatzen da leku guztietan, baina agerikoagoa izaten da Hernaniko tabernetan, sagardotegiaren osteko parrandan. Horixe uste dute Hernaniko talde feministek, eta horregatik abiatu dute Sagardotegi denboraldian ere, Hernanin, babosoei txartel gorria kanpaina.

Ana Revuelta Hernaniko Txoko Feministako kidea da; Kafeta Feministarekin eta Euskal Herriko Bilgune Feministarekin batera sortu dute Brigada Feminista, “jai giro feminista” bat hedatzeko asmoz. Revueltaren arabera, sagardotegi egunak “parranda handiak” izaten dira, eta horrek areagotzen du erasoak gertatzeko arriskua: “Oso polita da sagardotegi garaia, baina uste dut jendeak egun berezi moduan hartzen duela, dena libre balitz bezala; normalean egoten ez den jendearekin elkartzen da, kuadrilla handietan, zer edo zer ospatzeko…”. Giroak, alkoholak eta drogek errazago azaleratzen dituzte jarrera sexistak; ez, ordea, sortu: “Atera egiten dira, barruan ditugulako”.

Erasoak orotarikoak izaten dira: “Txapa jasan behar izatea, entzun nahi ez duzunean; bakean uzteko eskatu eta besteak hizketan jarraitzea; ipurdia ukitzea; etxera jarraitzea; irrigarri uztea… Edozein egunetan azal daitezke, baina halakoetan ageriago daude, jendea harrotuta dagoelako”.

Brigada feministak hiru definizio eman ditu, “erdi txantxetan”, halakoak identifikatzeko: baboso, nazkante eta maromo. Funtsean, bestearen lekua eta nahiak errespetatzen ez dituena da babosoa. “Alegia: nik zurekin ligatu nahi badut, zurekin ligatuko dut, zuk nahi edo ez. Eta, zurekin hitz egin nahi badut, zure ondoan jarriko naiz eta txapa emango dizut; eta ez dut onartuko ezetz esatea. Eta, ezetz esaten badidazu, harritu egingo naiz eta errua zuri botako dizut. Jarrera hori”, argitu du Revueltak.

Ostera, jokabide horien jatorria ez dago parrandan, ez eta alkoholean ere: “Gizarte honetan baditugu harremanak izateko modu estereotipatu batzuk, botere harremanetan oinarritzen direnak”. Estereotipo horiek zehazten dute pertsonen arteko harremanetan “nork daukan boterea erabakitzeko norekin, nola eta noiz ligatu”. Eredu horrek ez die uzten erabakitzeko ahalmenik neskei, eta, horren ondorioz, errazago sortzen dira elkar tratatzeko modu sexistak.

Revueltak argitu du eredu hori homofoboa ere badela: “Bi neska edo bi mutil ligatzen ari direnean ere izaten dira erasoak. Eredu horiek oso sartuta dauzkagu”.

Erasoak eragozteko lehen urrats gisa, talde feministek proposatu dute norberarengan jarrera sexistak antzematea. “Nahiz eta badakigun badaudela eredu batzuk apurtu nahi ditugunak, oso barneratuta dauzkagu, eta, nahi gabe, erreproduzitu egiten ditugu”. Dena den, jokabide horiek aldatu egin daitezke: “Eraikuntza bat da: ikasi egin dugu horrelakoak izaten; beraz, deseraiki ere egin daiteke, eta beste jarrera batzuetan oinarritutako harremanak eraiki”.

Desorekazko harremanetara ohituta egotearen ondorioz, sarritan kosta egiten da erasoak eraso gisa hartzea. Horretarako, Revueltak nabarmendu du emakumeek euren buruaz jabetu behar dutela; hori dela-eta aukeratu dute kanpaina horretarako Nahi dudanarekin, nahi dugunean egingo dugula nahi duguna leloa. Uste du neskek euren buruari gehiago begiratu behar lioketela, beti besteena lehenetsi gabe: “Norberak erabaki behar du zer duen gustuko, zer egin nahi duen, nola, noiz… dena. Norberaren plazer eta gustuak bilatu, eta bestearekin oreka topatu; ez dauka misteriorik, baina badirudi asko daukagula ikasteko”.

Jaiak, espazio politiko gisa

Eraso sexistak ez dira kasu bakanak, ez eta pertsonalak ere; talde feministek uste dute gizarteak bultzatzen dituela halakoak, balio sexistetan oinarrituta dagoelako. Horregatik, erasoak gaitzesteaz gain, “jai giro feminista bat” aldarrikatzen dute. Revueltak azaldu duenez, “harreman eta identitate guztiak onartzen dituen espazio bat” nahi dute: “Botere harremanik ez egotea; espazio seguru bat izatea, erasorik gertatuko ez dena”.

Festa egiteko erak lotura zuzena du pertsonen arteko harremanak sortzeko moduarekin eta, beraz, gizarte ereduarekin. Horregatik, feministek aldarrikatzen dute jai lekuak ere espazio politikoak direla: “Jaietan eta kalean ere sortzen da gizartea, eta erabaki politikoak ere hartzen dira, nahiz eta ez garen konturatzen. Hori aldatzea oso garrantzitsua da; ez soilik legeak aldatzea”.