Bost neurri adostu dituzte Urumeak gainezka egitea eragozteko

Urumeak berriz gainezka egin ez dezan, epe laburrean gauza daitezkeen bost neurri adostu ditu uholdeak eragozteko batzordeak; astearte goizean bildu zen lehenengoz, eta datozen bi urteetarako ildo estrategikoa zehaztu zuen. Iazko azaroko uholdeek eragin handiena izan zuten lekuetan egingo dituzte lan horiek; Donostiako Loiola eta Martutene auzoetan, eta Hernaniko Karabel inguruetan, hain zuzen ere.

Batzordea hainbat erakundetako ordezkariek osatzen dute: Donostiako, Astigarragako eta Hernaniko udaletakoek, Eusko Jaurlaritzakoek, Gipuzkoako Foru Aldundikoek, Uraren Euskal Agentziakoek eta Espainiako Gobernuko Kosta Zuzendaritzakoek. Urumearen aldeko herri plataformako kideak ere badaude batzorde horretan.

Proiektu “egingarrienak” izango dira lehenetsiko dituzten lanak; 2014rako bukatu nahi dituzte denak. Loiolatik hasiko dira; auzo horretan, Euskotreneko zubia kentzeko asmoa dute, baita Añarbeko Urak enpresak inguru horretan dituen ur hodiak ere.

Donostiako beste auzoetan ere laster hasi nahi dute lanean: batzordea osatzen duten kideek adierazi dutenez, 2013an ekingo diote Txomin Enea auzoa “urbanizatzeari”. Martuteneko lanak, berriz, 2014an hasiko dira, beharrezko tramiteak egin ostean. Auzo horretako zubia eraitsi eta berri bat egin nahi dute, eta ibaiaren ibilgua zabaltzeko asmoa ere adierazi dute. Dena den, posible da horren ondorioz inguruko eraikin batzuk bota behar izatea, Ricardo Burutaran Donostiako Hirigintza zinegotziak asteartean azaldu zuenez.

Hernaniko Karabel auzoan eta Añarbeko urtegian ere hobekuntzak egitea lehenetsi du uholdeen aurkako batzordeak. Hemendik aurrera, bi hilean behin elkartuko da; beraz, hurrengo bilera maiatzean izango da. Batzar horretan lanen hurrenkera eta finantzatzeko aukerak aztertuko dituzte. Oraingoz, Uraren Agentziak Karabel auzoko lanen hiru laurden finantzatzea proposatu du; gainerakoa enpresa pribatuen esku egongo litzateke.

Aspaldiko eurite handienak izan ziren azarokoak, eta Gipuzkoako hainbat ibaik gainezka egin zuten. Urumea inguruko herrietan kalte handiak eragin zituen urak, baina Oria eta Urola ibaiek ere egin zuten gainezka. Hainbat etxetako sotoak eta behe solairuak urpean gelditu ziren, eta zenbait lekutan enpresa eta lantegietara ere sartu zen ura.