Ia ehun parte hartzaile lehiatuko dira Errenteriako V. Txakur Krosean

Igande honetan, ia 100 pertsonak parte hartuko dute, Euskal Herrian aitzindari izan den Errenteriako txakur krosean. Bosgarrenez antolatu dute lasterketa, eta sortu berria den Gipuzkoako Ligarako saio puntuagarria izango da. Sei kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek eta txakurrek, ibilbide bera bi aldiz eginez: “Ez da ibilbide luzea, eta bi aldapa polit badira”, azaldu du Patxi Azpiazu Txakurkrosa Oarsoaldean taldeko lehendakari eta probaren antolatzaileak.

Errenteriakoa izan zen, hain zuzen, Gipuzkoako eta Euskal Herriko lehen txakur kros taldea: Txakurkrosa Oarsoaldean taldea. Patxi Azpiazu lehendakariak dioenez, kirol hori kasualitatez ezagutu zuen: “Korri egiten hasi nintzen. Txirrindularitzan aritu izan naiz beti, eta hura utzitakoan jaso nituen kiloak jaisteko hasi nintzen korrika, etxe inguruko mendietan. Txakurra nirekin etortzen zen, baina aske. Behin, ordea, lepotik soka lotu nion, aldapa bat igotzeko. Errazago igotzen nuela ikusita, hurrengo saioan gerrian lotu nuen soka, eskuak libreago izateko. Handik aurrera, leretan ibiltzen diren txakurrentzako materiala eskuratu nuen, eta hura egokituz, erosoago korri egiten hasi nintzen”.

Gerora jakin zuen Azpiazuk egiten ari zen hartan lehiatzeko aukera zuela: “Kasualitatez jakin nuen denbora-pasa moduan egiten nuen hura lehiatzeko kirola zela, lasterketak antolatzen zituztela beste leku batzuetan”. Burgosko [Espainia] txakur kros batean parte hartu zuen lehenengoz. Bigarren postuan sailkatu zen: “Horrek aurrera jarraitzeko gogoa eman zidan, eta taldea sortu genuen Errenterian”.

Txakurren eta gizakien arteko elkarlana eskatzen duen kirol honek gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta txakur krosean aritzen diren lau talde daude, gaur egun, Gipuzkoan. Errenteriakoaz gain, iaz beste hiru talde sortu ziren: Pasai Donibanen, Euskanikross taldea; Donostian, Ojo Kirol taldea; eta Tolosan, berriz, Guhau taldea.

Ainara Gozategi tolosarrak Guhau izeneko txakur heziketa zentroa du Lasarte-Orian. Bezeroen artean txakurrekin korri egin nahi zuen jendea zegoela dio, eta haiek bultzatu zutela Guhau taldea sortzera: “Ni ez naiz korrikalaria, lehendakaria naiz. Hasieran kide gutxi ginen taldean, baina pixkanaka jende gehiago animatu zen”.

Taldea sortu eta urtebetera, hemezortzi lagunek osatzen dute Guhau taldea. Gehienak Tolosakoak dira: “Zentroa Lasarte-Orian dagoen arren, Guhau kluba Tolosakoa da, eta Tolosako korrikalari asko daude taldean. Hala ere, guztiok ez gara tolosarrak, eta eskualdeko jendea ere bada. Hemezortzi kide inguru garen arren, lasterketetan zortzi aritzen dira normalean”.

Joan den otsailaren 26an, Tolosako I. Txakur Krosa antolatu zuten Guhau taldeko kideek: “Oso pozik geratu ginen egindako lanarekin. Ia 80 lagunek parte hartu zuten, eta lehen aldia izateko, jende asko bertaratu zen lasterketa ikustera. Jaso genuen laguntzarekin ere oso gustura gaude, babes handia sentitu baikenuen. Jende askok zoriondu gintuen, eta hori nahikoa da guretzat”. Horrela, beraz, datorren urtean ere, Tolosako II. Txakur Krosa antolatzeko gogoz daudela nabarmendu du Ainara Gozategik.

Gipuzkoarren arteko liga

Gipuzkoan txakur kroseko lau talde lanean ari zirela ikusita, klubetako arduradunek bilera bat egin zuten; hainbat kidek liga bat egitea proposatu zuten, lasterketa gehiago antolatu ahal izateko, eta horrela sortu da Gipuzkoako I. Txakur Kros Liga.

Sei lasterketa puntuagarri izango dira guztira, eta lasterketa bakoitzean korrikalari bakoitzak lortzen dituen puntuen araberako sailkapena osatuko dute maila bakoitzean. Izan ere, Azpiazuk azaldu duenez, parte hartzaile guztiek batera korri egiten dute, gazte, heldu, emakume nahiz gizon.

Joan den azaroan hasi zen Gipuzkoako Liga, Donostian, eta geroztik, Jaizkibelen, Zumaian eta Tolosan ere egin dituzte txakur krosak. Igandean Errenterian jokatuko dutenaz gain, datorren martxoaren 25ean Oiartzunen antolatuko duten lasterketa bakarrik geratzen da liga amaitzeko.

Horrelako lasterketetan parte hartzeko jabeak txakurrarekin duen harremana oso garrantzitsua dela diote, bai Azpiazuk, baita Gozategik ere: “Txakurra kontrolpean izan behar da, lasterketan txakur asko baitaude, eta segituan galtzen baitute kontzentrazioa”, dio Azpiazuk. Horren harira, beste jabe batzuen txakurrekin lasterketetan hasten direnek utzi egin behar izaten dutela azaldu du Ainara Gozategik: “Txakurrak jabea ezagutu egin behar du, eta lotura bat izan behar du berarekin. Txakurrak tiratzen jakin arren, hezita egon behar du”.

Prestakuntzari dagokionez, berriz, Gozategik dio atalik zailenetakoa dela; alde batetik, norberak entrenatu behar baitu, eta, bestalde, txakurra prestatu behar baita: “Txakurraren entrenamenduek oso espezifikoak izan behar dute, korrika saioen segida laburrak eginez”.