Kalapieren ustez, orain da bizikleta sustatzeko garaia

“Egungo egoera hau garai erabakigarria da Gipuzkoan bizikleta etorkizuneko garraiobide gisa sustatzeko”. Hala deritzo Kalapie Hiriko txirrindularien elkarteak, egungo krisi egoeraren harira elkarteak egin berri duen gogoetan jakitera eman duenez. Kalapieren ustez, “nahitaezkoa” da herri administrazioek bizikleta bidezko mugitzearen aldeko azpiegituren, zerbitzuen eta jardueren aldeko apustua areagotzea. “Eta eskakizun hau are nabariagoa da Gipuzkoan eta antzeko lurraldeetan”, nabarmendu dute. Izan ere, txirrindularien portzentajea eta bizikletari adjudikatzen zaion aurrekontua Gipuzkoan “oso baxuak” direla salatu dute: “2012rako foru aurrekontuek errepideetarako inbertsioa murriztu duten arren, aurreikusitako kopurua zazpi aldiz handiagoa da bizikleta bideen sareari eman zaiona baino”. Hala, udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera zuzena egin die Kalapiek: “Gipuzkoan bizikletaren erabilera ugaria ahalbidetzen eta bultzatzen duen bizikleta sistema integral bat ezartzeko ekonomia, antolaketa eta giza baliabideak areagotzea”. Arrazoia: “Ekologikoa, osasungarriagoa eta fosilen hain menpekoa ez den” lurralde baterantz aurrera egitea.

Kalapiek emandako datuen arabera, Donostian, esaterako, hiri barneko joan-etorrien %4 egiten dira bizikletaz. Europako hiri askoren datuetatik urrun ikusten dute, beraz, Donostia eta, oro har, Gipuzkoa. Europako hainbat hiritan %15era heltzen baita portzentaje hori. Datu horiek “konpromiso ekonomiko handi eta etengabeen” eta “bizikleta sustatzeko politiken” emaitza dira, Kalapieren irudiko.

Datu horiek esku artean dituztela, Donostian kanpaina bat martxan dute dagoeneko: 10.000 txirrindulari gehiago kanpaina, hain justu. Egunero Donostian bizikletaz egiten diren 17.000 joan-etorriak, 2016rako 10.000 gehiago izatea da xedea.