Arteen zerrenda bakarra ez dagoen arren, askorentzat komikia bederatzigarren dago ekinbide horien segidan. Horrek agerian uzten du jardueraren garrantzia, eta horrek azaltzen du, beste hainbat arrazoirekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gasca bilduma eskuratu izana. Hamahiru hilabete igaro dira funtsak duen egoitza aurkeztu zutenetik, eta ordutik dokumentu katalogatu eta aztertu dituzte. Hainbat lanen jatorrizko marrazkiak dira horietako asko.
Iazko urtarrilean ireki zuten Gasca bilduma hartzen duen aretoa; dena dela, haren ezaugarriak direla eta, batez ere ikertzaileentzako dokumentu multzoa dela diote Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegiko arduradunek, hau da, Koldo Mitxelenako arduradunek; zentro horren parte da Errege-Erregina Katolikoen kaleko funtsaren egoitza.
Kulturunearen zuzendari Frantxis Lopez Landatxek dioenez, urte honetan funtsaren “erabilpen xumea” egin dute ikertzaile eta adituek, “oraindik gauzak ondo katalogatu eta ordenatu behar direlako”. Nahita erabili du arduradunak gauza hitza; izan ere, besteak beste, komikiek, liburuek, merchandising objektuek, marrazkiek eta filmek osatzen dute bilduma.
Lopez Landatxek dioenez, “Gasca funtsa bitxia da; katalogazio arauak asmatu eta egokitu behar izan dira”. Izan ere, ale asko zailak dira sailkatzen. Esaterako, gutun batzuetan marrazkiak azaltzen dira, eta hori ere katalogoan sartu beharra dago. 2003. urtean hasi zen Luis Gascaren eta aldundiaren arteko harremana. Urte batzuk igarota,erakundeak erosi egin zuen donostiarrak hirurogei urtean baino gehiagotan bildutako komiki eta bestelakoen zati handi bat. Bildumagileak, berriz, beste zati garrantzitsu bat eman zuen, dohaintzan. Horiez gain, eta gutxienekoak badira ere, beste pertsona batzuen ekarpenak ere badira Gasca funtsean.
Dagoeneko 10.600 erregistro inguru egin dituzte; hau da, horiek dira funtsaren katalogoan orain arte sartu dituzten osagaiak. Baina oraindik ere zehaztu gabeko lan handia daukate egiteko bertako teknikariek.
Donostiako Artzain Onaren katedralaren atzeko kalean dago funtsaren bi solairuko egoitza. Lur azpikoan, tenperatura, hezetasuna eta argia kontrolaturik daude, eta bertara teknikariak bakarrik sar daitezke; are gehiago, katalogatze lanek irauten duten bitartean. Zehaztutako giro horrek modua ematen du gordailuko gauzek hobeto iraun dezaten, paperak oso hauskorrak izan daitezkeelako.
Goiko solairuan, berriz, ikertzaileentzako mahaiak eta bertako teknikarien languneak daude. Arduradunaren arabera, funtsaren berri askorik zabaldu ez duten arren, ikertzaile multzotxo bat izan da bertan. Bertako komiki, gutun eta originalen gaineko interesa erakutsi dute adituek, baina langileen begiradapean egin behar izan dute ikerketa lana, katalogatu gabeko aleak erraz gal daitezkeelako. Hainbat egilek ere bisita egin diote mundu osoko komikiak biltzen dituen bildumari. Bisitarien artean, zaleak ez dira falta izan. Horietako gehienak, ordea, aurreko jabearekin harremanetan zeuden.
Luis Gascak berak ere bere bulegoa du bigarren solairuan. Lopez Landatxek argitu duenez, “oso lagungarria izaten ari da katalogatze lanetan, hark informazio asko ematen duelako”. Nahiz eta Luis Gascak bilduma aldundiaren esku utzi duen, horretan lanean jarraitu du. “Erretiroa hartuta dago, eta, hasieran albo batera uzteko asmoa zuen arren, ezin izan du, eta bere laguntza eskaini digu”.
Txostenak eta bitxikeriak
Gasca funtsa ez da bilduma soila, eta Gasca bera ez da ohiko bildumagile bat izan. Argitalpen baten zenbaki guztien atzetik joan beharrean, nahikoa izan du adierazgarriak zirenekin. Hori dela eta, posible izan du mota, estilo eta jatorri gehiagoko aleak eskuratzea.
Era berean, Gascak komikiak pilatzeaz harago, aztertu ere egin ditu. Funtsaren tarte garrantzitsua dira bildumagileak osatutako txosten analitikoak. Horrelakoetan, ohikoak izaten dira pertsonaiei edo egileei buruzko dosierrak prestatzea; Gascaren berezitasuna, ordea, kontzeptuak ere aztertu izana da. Modu horretan, besteak beste, onomatopeiei erreparatu die, eta emakumeen kontrako bortxakeria jorratzeko komikigileek izan duten moduari, esaterako. Gaikako antolakuntzak erakarri ditu bertaratu diren ikerlari gehienak.
Erakargarria izan da, era berean, Gascaren editore garaitik datorren jatorrizko marrazki multzoa. Marrazkilari handien lanak biltzen dira funtsaren apalategietan, besteak beste, Juan Carlos Eguillor donostiar zendu berriaren ale batzuk.
Bildumaren jatorrizko jabearen ekarpena, beraz, ezinbestekoa izaten ari da katalogatze lanetan. Haren ezagutzari esker, hainbat lan errazten ari zaizkie funtsean lanean ari direnei. Espainian eta Euskal Herrian argitaratutako komiki askotan ohikoa izan da egileek gezurretako izena erabiltzea; besteak beste, frankismo garaian izandako errepresioa dela eta. “Ezizen asko aurkitu ditugu, eta Gasca, estiloa ikusita, gai izan da benetako egilea zein zen zehazteko”.
Bitxikeria asko aurki daitezke, baita galdutzat jo ziren hainbat lan ere. Komiki izena merezi duen euskarazko lehen argitalpena ere badago bertan, Antonio Zabala zenaren paperen artean aurkitutakoa. Abdon Gonzalez de Alaitza egilearen Txistu komikia Argia aldizkariak argitaratu zuen, 1927an. Wikipediak dioenez, zortzi orrialde zituen, hamabostean behinekoa zen eta hamabi zenbaki argitaratu ziren. Funtsean bilduta dagoen 16. zenbakiak, ordea, kontra egiten dio datu horri.
Funtsak nabarmen uzten du sareko orojakilea beste gai batean ere. “Ez da aldizkariaren alerik gorde”, Wikipediaren arabera, baina Gasca bildumak badu horren alea. Are gehiago, Koldo Mitxelenaren hemeroteka digitalean ikusgai jarri dute Txistu formatu elektronikoan. Horrelakoak egiteko asmoa dute arduradunek, egile eskubideek eta teknologiak ahalbidetzen duten heinean.
Txistu komikiaren kasuarekin zerikusia du Koldo Mitxelena kulturunearen arduradunak funtsarentzat iragartzen dituen erronketako batek. Lopez Landatxek dioenez, bilduma osatzeko politikari ekin beharko diote; bereziki, Euskal Herriarekin zerikusia dutenak jaso beharko dituzte. Izan ere, Gascaren ahulgunea horixe izan da; hura urte askotan Katalunian bizi izan da, Bartzelonan. “Etorkizunean hemen argitaratutako komikiak biltzeari eman beharko diogu lehentasuna”, azaldu du Lopez Landatxek.
Donostiako Tabakalera proiektuaren etorkizunak ere baldintzatzen du Gasca funtsarena. Izan ere, Lopez Landatxek dioenez, bete-betean harremanetan dauden gaiak jorratzen dituzte Tabakaleraren aurreko egitasmoak eta bildumak.