“Merckxekin ondo moldatzea komeni zen, irabazteko”

Txirrindulari igotzailea izan behar zuen Miguel Mari Lasak (Oiartzun, 1947). Txiki-txikitatik, Iturriotz auzoko Errotazahar baserritik herri kaskora igotzeko, bizikletan ibiltzen zen. Gainera, haren anaia Jose Manuelek —txirrindulari izandakoa hura ere— eragina izan zuen: “Bera gazte mailan-eta lehiatzen zen, eta nik hamar bat urte nituen orduan. Horrek eragina izan zuen. Gainera, ondoko baserrietako haurren jostailua ere bizikleta zen”. Ikastera joateko ere erabili zuen bizikleta, hainbat urtez: Oiartzunen lehendabizi, Errenterian gero eta Donostian azkenik. Industria Maisutza ikasi zuen azken horretan.

Bizikletan lehiatzen hastea, ordea, aitari ez zitzaion gustatu: “Sei senide ginen, ni gazteena. Aurrekoek ez zuten aukera handirik izan ikasteko, eta gurasoek ingeniaritza bat ikastea nahi zuten, aukera nuelako. Borrokan ez hasteagatik, Industria Maisutza ikasi nuen”. Parte hartu zuen lehenengo lasterketan, gainera, zorte txarra eduki zuen: “Amaren konplizitatearekin atera nintzen lehenengo lasterketan, eta lepauztaia hautsi nuen. A zer sarrera!”.

Hiru urte eman zituen gazte mailan, eta gero afizionatuetara pasatu zen. Hogei urterekin lortu zuen lehenengo garaipena: Espainiako Mendiko Txapelketa irabazi zuen. 1971n pasatu zen profesionaletara. “Ordutik aurrera garaipen gehiago izan nituen…”. Guztira, 76.

Lan ona hiru itzuli handietan

Lasaren arabera, garaipen haiek gaur egun lortu izan balitu, beste modu batean biziko litzateke: “Orain, urtean bizpahiru garaipen lortzen badituzu, jauntxo bat zara. Garai hartan, ez zen hainbeste sosik irabazten”.

Podiuma, garaipenetan ez ezik, postu onenetan iritsita ere zapaldu zuen. Espainiako Itzulian bigarren izan zen 1972an eta 1977an, eta hirugarren 1974an eta 1975ean. Beste bostetan lortu zuen lehen hamarren artean sartzea. Italiako Giroan ere hiru aldiz sailkatu zen lehen postuetan. Hiru itzuli handietan etaparen bat irabazi zuen. “Gaur egun balio handia ematen diote”, dio.

Garai hartan, gainera, Eddy Merckx zebilen tropelean, txirrindularitzazale gehienentzat txirrindulari onena zena. “Harekin ondo moldatzea komeni zen garai hartan, irabazteko”. Merckx txapeldun handia izanagatik “nahiko umila” zela dio oiartzuarrak. Harremana bazuten, eta ondo konpontzen zirela dio Lasak: “Hotelean ikusten genuen elkar, edo podiumean —bera beti, eta ni gutxiagotan—. Itzulietan ere elkarrekin joaten ginen, hasieran noski”.

76 garaipenetatik, bereziki, baditu bi gogoan: 1978an Frantziako Tourrean irabazitako etapa eta 1971ko Euskal Herriko Itzulian irabazi zituen hiruretako bat. “Tourrekoa etxean irabazi nuen, Miarritzen. Familia eduki nuen, eta irabazteko eskatu zidaten, zaila izan arren. Jan Raasek ihes egin zuen, eta etapa hura Pirinioen aurrekoa zen. Bera klasikozalea zen. Ondo interpretatzen nituen etapak, eta banekien urrutira iritsiko zela. Berarekin joan nintzen, Freddy Maertens erori zenean —errautsezko pista batean sartu ginen—. Esprintean ni indartsuago izan nintzen”, gogoratu du Lasak. Izengoiti bat jarri ziotela dio, umoretsu: “Ordura arte, Miguel Mari nintzen; ordutik aurrera, Lasa cabrón. Edonon deitzen zidaten horrela!”. Euskal Herrikoan, berriz, akordatzen da minutu bat galdu zuela Iruñean. Gogoan du bere kideek Luis Ocaña faboritoari “¡Lasa te va a dar de hostias! (Lasak egurra emango dizu!)” esaten ziotela hurrengo egunean Tolosako bidean. Bidanira igotzen, taldekide batekin tropelaren aurrealdean jarri zen Lasa, eta aldapa bukaera batean pistako amerikar modalitatean egiten dena egin zuten —atzean dagoenak aurrekoari eskutik heldu eta horrek tira—. Bultzadatxo horri esker hogei metro aurretik pasatu zen mendatetik. “Ziztu bizian jaitsi nintzen, eta Tolosako helmugan besoak altxatuta pasatu nintzen. Indarrez oso ondo ez genbiltzan, baina estrategia ona erabili genuen”. 1981era arte garaipenak pilatzen jarraitu zuen.

Lehiatzeari utzita, bizikletak saltzen hasi zen jaioterrian. “Ez zen nahi bezala atera, herrian bertan bi denda handiagoak baitzeuden…”, dio Lasak. 1992an Wigarma taldea zuzendu zuen Espainiako Itzulian. “Talde apala izanagatik, egunero igotzen ginen podiumera, tarteko helmugekin”.

Oztopoak gaindituta, Euskal Herriko Itzulia egingo dela eta, “zoriondu” nahi ditu antolatzaileak: “Euskal zaleek beste bi urterako izango dute ikuskizuna”. Hori “beste bazterretan” gertatzen denaren “sintoma bat” besterik ez dela uste du. “Ea arazo gehiagorik ez dagoen…”.