Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo

Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Googlek esango digu zer jakin behar dugun?

Azkenaldian, nahiz eta gauza guztiz berria ez izan, arreta berezia ipintzen ari natzaio Interneteko bilatzaileen emaitzen auziari. Batetik, iradokizunen kontua dugu. Google bilatzaile ezaguneko bilaketa kutxatxoan edozer idazten hasi orduko, hainbat iradokizun topatuko ditugu. Esaterako, aurrekoan, lagu… idazten hasi eta, n hizkira iritsi aurretik, nire bilaketa errazte aldera edo, bilatzaileak lagun izoztua, laguardia airport, laguna beach… iradoki zizkidan. Gauza bera egingo bazenute zuen ordenagailuetan, oso bestelako emaitzekin egingo zenukete topo seguruenik. Bestetik, egin ezazue honako hau: eskatu hainbat laguni termino zehatz bat bilatu eta emaitzen berri eman diezazueten. Akaso inoiz entzun gabe edo jabetu gabe zeundeten, baina batzuei zein besteoi luzatutako emaitzak ez dira berdinak izango; izan ere, bilaketak egitean, 57 faktoreri erreparatzen omen die Googlek; besteak beste, gure bilaketen historialari, gure kokaguneari, erabiltzen ari garen nabigatzaileari, ordenagailuari eta hizkuntzari. Duela hilabete batzuk, gainera, Googlek bere bilatzailearen ezarpenak aldatu eta Google + sare sozialaren emaitzak integratu zituen. Horrela, Googleko kontu batean sartuta gaudela egiten badugu bilaketa, gure zirkuluetan ditugun lagunen informazioa, argazkiak, eta abar lehenetsiko ditu emaitzak proposatzean. Horretaz gain, duela oso gutxi gure nabigazio historiala gordetzeko modua ere aldatu du, zerbitzu guztiak bateratuz.

Google gure pentsamendua irakurtzen saiatzen ari da, eta banakakoon pentsamendua irakurri bitartean, munduaren burmuinak —munduak burmuinik balu— zer pentsatzen duen jakin nahian dabil, denon interesak eta portaerak klasifikatuz. Google, baina, ez da bakarra honetan. Facebook, The New York Times, The Wahington Post… denek ere antzeko filtroak erabiltzen dituzte. Internetek guk jakin nahi omen duguna erakusten digu, bere ustetan betiere; ez, ordea, edo ez derrigor, guk behar duguna. Gero eta zailagoa dirudi erabiltzaile arruntarentzat iragazki horretatik kanpoko ezer topatzea. Eli Pariserrek TED hitzaldi entzutetsu batean esan zuen bezala, erabiltzaileok geure burbuilan sartuta gaude, eta burbuila horretara informazio mugatua iritsiko zaigu, gure gustuen eta lehentasunen araberako informazioa. Horrek gero eta gehiago mugatuko ditu bai gure iturriak bai gure ikuspuntua. Okerrena da ez dugula guk izango azken hitza burbuila horretara helduko dena erabakitzeko orduan, beste batzuen esku egongo da egiteko hori ere. Honek guztiak, ez dago esan beharrik, kezka puntu bat sortzen dit.

Sentimendu kontrajarriak datozkit burura. Alde batetik, pertsonalizazio honek bere alde onak izan ditzake. Nire gustuak eta zaletasunak ezagutzen baditu, errazago topatuko dut nire gustuko jatetxea, edo erosi nahi ditudan prakak, euskara ariketak egiteko nahiago dudan webgunea, ikerketa baterako datuak… Azken finean, horren atzetik ibili gara, ezta? Bestalde, baina, zer gertatzen da seinale horiek gaizki interpretatzen baditu? Eta emaitzak gero eta mugatuagoak jasotzearen ondorioz, gure ikuspuntua —eta, harago joanda, gure pentsatzeko era— mugatzen ari bada?

Informazioaren iragazia ez da ezer berria, Internet aurretik ere komunikabideen iragazkien menpe egon gara, baina gehienok jakinaren gainean egonda. Hori izan liteke alde nagusia: egun, muga horiez kontziente ez izatea. Filtro sistema hauek gardenagoak izatea eskatzeaz gain, konpetentzia digitala lantzeaz gehiago arduratu beharko genukeela iruditzen zait. Google ahaldunak erantzunak ematen dizkigu; guri dagokigu, ordea, gauza hauei guztiei buruzko galderak egitea.