Hondarribiko hainbat kuadrillatako 50 bat lagunek HGA Hondarribiko Gazte Asanbladarekin bat egin dute, helburu bateratu batekin: Hondarribian gaztetxe bat irekitzea. Proiektua garatu ostean, udalaren ezezkoa jaso berri dute, ordea. Hala azaldu du Xabier Bengoetxea gazte taldeko kideak: “Ekintzarik ez dugula antolatzen eta udalaren azpiegiturak ez ditugula erabiltzen argudiatu du udalak”. Baina gazte taldea gogotsu dabil egitasmoa aurrera atera nahian, eta, udalak esandakoak gezurtatzeko, tailerrak antolatu dituzte bihar goizerako udaletxeko arkupeetan.
Gaztetxearen egitasmoa iragan abenduan aurkeztu zuten udalean, mila sinadura baino gehiagoren babesarekin, eta, leku bat bilatzeko bidean, HGAko kideek Puntal auzoko eskolaurreko eraikina “aukera posible” moduan proposatu zuten. Izan ere, musika eskola berria irekitzen dutenean, libre geldituko da eraikin hori.
Gaztetxean antola ditzaketen ekintzen zerrenda ere aurkeztu zuten, eta horiek garatzeko arduradunak bilatu zituzten. Literatura tailerrak, ludoteka bat, irrati bat eta bigarren eskuko merkatu bat dira, besteak beste, http://hondarribikogaztetxea. wordpress.com blogean kontsulta daitezkeen ideiak.
HGAk deituta, gaztetxearen aldeko agerraldi jendetsua egin zuten iazko abenduan, Zuloaga Etxean. Herritar eta gizarte eragile ugari bildu ziren bertan gazteei babesa emateko. Gazte taldeko bozeramaileek azaldu zutenez, Aitor Kerejeta alkatearekin bildu ziren, gaztetxe baten beharra helarazteko, eta alkateak gazteen proiektua zilegitzat jo zuela esan zuten.
Dituzten beharren diagnostiko batetik abiatuta ekin zioten lanari, eta gazte guztien topalekua izango den azpiegitura nahi dute, autogestionatua eta “herriko giroa pizteko giltzarri” izango dena, azaldu du Bengoetxeak. Horregatik, udalari gazteen beharrak eta nahiak betetzeko konpromisoa bere egin dezala eskatu diote.
Bide horretan, gazte taldeak kuadrillen arteko sozializazioa bilatu nahi du; izan ere, Hondarribiko gazte kuadrillak “sakabanatuta” bizi direla uste dute. “Gure artean ez dugu harreman handirik. Kuadrilla bakoitza norbere lokalean eta txokoan biltzen da, eta horrek ez du egiten herri giroaren alde”, azaldu du Bengoetxeak.
HGAko kideek, udalak emandako argudioei erantzun bat emateko, biharko, 11:00etatik aurrera, ekintza programa zabala prestatu dute. Mural, trikiti, trukaketa eta bertso-olerkien tailerrak egingo dituzte, besteak beste.
Tailerrez gain, hamaiketakoa ere egingo dute, eta bertan biltzen direnek gauzaren bat eraman ahalko dute besteekin partekatzeko. Gainera, “labetik atera berri”, gazte taldeko kideek prestatutako sorpresa batzuk banatuko dituzte.