“Marraztea desikasi egiten ditugun gauzetako bat da, eta pena dela uste dut”

Josu Maroto (Zumarraga, 1975) arkitektoa da ofizioz. Afizioz, marrazkilaria da. Marrazkietan une bat edo leku bat edo biak harrapatzen saiatzen da. Urban Sketchers taldeko kidea da, eta iaztik, Goierriko Hitza eta GoiBerri agerkarietako kolaboratzailea ere bada.

Noiz eta nola hasi zinen marrazten?

Umetatik marrazten dut. Karikaturak egiten nituen, eta aitonak erosten zuen egunkariko Zulet marrazkilariaren komikiak ere gordeta dauzkat. Arkitektura ikasi nuen, marraztea gustuko nuelako. Lanean hastean, marrazkiak pixkanaka utzi egin nituen. Urtebete gaixo eman nuen, baina, eta denbora horretan berriro hartu nuen ohitura. Interneten jendeak zer egiten duen ikusi, eta berriro piztu zitzaidan gogoa.

Koadernoa ezagutu zenuen…

Koadernoarekin hasi nintzen, eta aurkikuntza polita izan zen. Koadernoak jarraipen bat ematen dizu, beste seriotasun bat. Bestela, orri banaka batzuetan marrazten duzu, eta ez diezu baliorik ematen. Lan horiek koaderno batean egitean, egiten duzunari balio bat ematen diozu. Gero, ikustea ere oso polita da. Marrazkiak ikusi, eta unea gogoratzen duzu, une hori argazki batekin baino gordeago gelditzen zaizulako. Koadernoak badu bitakora zentzu bat.

Zer da Urban Sketchers?

Mugimendu bat da. Gabi Campanario kazetariak sortu zuen, duela lauzpabost urte. Kazetaritza ilustratibotik dator ideia. Kalean eta zuzenean marrazte hori berreskuratu nahi zuen. Zuzenean egindako marrazkia baloratzen hasi zen. Flickr-eko talde bat eta blog bat sortu zituen eta arrakasta handia izan zuen. Hamar puntuko manifestu bat sortu zuen, mundua marrazkiz marrazki erakusteko asmoz. Ez dira etxean egindako marrazkiak; lekuan bertan eta unea islatuz egin behar dira. Kaleko marrazki bizi horiek dira. Kalean marrazteko mugimendua beti egon da, baina Campanariok sarean bateratu egin zuen eta izena jarri zion. Blog bat sortu zuen eta oso jende ona erakarri zuen.

Zerk erakartzen zaitu marrazteko estilo honetatik?

Nire izaerak. Ez naiz oso lan landuetako pertsona, ez dakit pazientziarik ba ote dudan horra iristeko. Hau koaderno batekin eta luma batekin egin dezakezun lan bat da, oso eramangarria, unekoa, arina eta freskoa. Freskura hori gustuko dut. Duzun bizimoduarekin lot dezakezun zerbait ere bada. Olioz pintatzeak jarraikortasuna, denbora, lekua eta patxada eskatzen dizkizu, eta askotan ez dituzu. Koadernoarekin, unetxo bat ateratzen duzu, bost minutu badira ere, eta marrazkia egiten duzu. Oso lan freskoa eta aberasgarria dela uste dut.

Zein prozesuri jarraitzen diozu marrazki bat egiteko orduan?

Sentsazioak jasotzea da. Eseri, inguruari begiratu, zer marraztu nahi duzun ikusi, eta eraikitzen hasten zara. Barrutik ateratzen den zerbait da eta asko gustatzen zait hori. Arkitekturan dudan oinarriak ere, espazioaren ikuspuntua hartzen laguntzen dit. Hori sentitzen duzunarekin nahasten duzu. Koadernoarekin, gainera, ez dago lehiakortasunik. Orduan, emaitza gutxienekoa da eta gozatzea izaten da garrantzitsuena.

Koadernoa tableta digitala bihurtuko da, ala kostako zaio koadernoaren xarma hartzea?

Nik uste dut kostako zaiola, beste hoztasun bat baitu. Etxean ditudan koaderno guztiak ikustea eta goxatzea gauza berezia da. Baina, tira, tableta baten atzetik ere banabil [barrez]… Gauza interesgarriak iritsiko direla uste dut, eta gauza horiekin egindako oso lan onak ere ikusi ditut. Hala ere, beti izango dut nostalgia hori eta beti eramango dut koadernoa. Koadernoan, gainera, ez duzu kontrol+z-rik… nahasten zarenean, nahastu egiten zara eta ez dago besterik. Hutsak ere politak dira marrazki batean.

Trenean edo autobusean marrazten duzu. Zein egoera sortu zaizkizu?

Normalean, inor kontura ez dadin saiatzen zara, erosotasunagatik. Orokorrean ez dira jabetzen, baina gertatu izan zait konturatzea. Bitxia da: bi pertsona, eurak marrazten nenbilela konturatu zirenak, egunero topatzen ditut orain, eta hitz egiten egoten gara. Horietako batek marrazkia ere sinatu zidan. Normalean, jendeak, jabetzen bada, oso ondo hartzen du; interesa agertzen du. Ariketa polita da, eta trenak jendearen freskotasuna baimentzen dizu, jendea nahiko erlaxatuta baitoa trenean.

Unea harrapatzea zaila da, etengabe aldatuko delako, ala?

Normalean, aurrean duzun planoko elementuren bat joan egin bada, zati hori utzi eta aurrera jarraitzen duzu. Ariketa zaila da mugimendu hori harrapatzea. Hala ere, ez da marrazki amaituaren edo obra amaituaren ideia. Badirudi koadernoa orain arte obra amaiturako bide bat izan dela, eta ez artelan bat. Koadernoak berak ere balio handia duela uste eta aldarrikatzen dugu.

Ba al da harrapatu nahiko zenukeen leku edo une bereziren bat?

Ez dakit; momentu guztiek dute beren xarma. Askotan ez du zertan oso toki polita izan; edozein txokotan aurki dezakezu marrazteko interesa duen zerbait. Hori da politena. Atentzioa ematen dizun edozer marraztu dezakezu. Edozein txokotan aurki dezakezu marrazteko materiala; ez duzu zertan bidaia handirik egin; koadernoarekin eta egunero ibiltzen zaren lekuetan, beti izango duzu zer marraztu.

Unea eta lekua marrazki batean harrapatzeko, abilidade bereziak behar al dira?

Ez [barrez]… Lotsa gutxi dutenen mugimendua da hau. Marraztea begiratzen jakitea da: ikusten jakitea. Bi urterekin inork ez daki irakurtzen, eta zortzi urterekin guztiok ikasi dugu. Bi urterekin, marrazten ba al dakizun galdetzen badizute, baietz erantzuten duzu, baina jendea, zortzi urterekin, marrazten ez dakiela esaten hasten da. Desikasi egiten ditugun gauzetariko bat da, eta pena dela uste dut.