Sutik sortutako azoka

500. urteurrena

Ordizia

Bostehun urte beteko dira etzi, 1512ko martxoaren 18an sute handi batek Ordizia harrapatu zuenetik. Egoera larri haren ondorioz, sutea gertatu eta bi hilabetera, Gaztelako Joana I Joana Eroa erreginak asteazkenero azoka egiteko baimena eman zion Ordiziari; azokan postu bat edukitzeagatik saltzaileek ordaindutako zergak herria berreraikitzeko erabili zituzten. Herria konpondu ostean ere, gorde egin zuten ohitura, eta, sutearen bosgarren mendeurrenaren egunean, azokaren mendeurrena ere ospatuko dute, etzi, Ordiziako herrigunean.

Urteurrena prestatzeko, Ordiziako Feriak 500 Urte batzordea sortu dute hainbat herritarrek, eta urte osorako ekintzak antolatu dituzte. Hala ere, igandekoa izango da egun garrantzitsuena; herriko hainbat talderen laguntza izan dute eguna antolatzeko.

Goizean goizetik hasiko da festa: Ordiziako txistulariak 10:30ean irtengo dira kalera, goiz eresia jotzera. Hamaiketatik eguerdira arte altxorraren bila jokoa antolatu du D’Elikatuz elikaduraren eta gastronomiaren zentroak; jokoaren helburua izango da Ordiziaren eta azokaren historia ezagutaraztea. Horren ondoren, harrera egingo diete azokako baserritarrei, eta, bereziki, emakume baserritarrak omenduko dituzte. Bideo emanaldia, bertsolariak eta dantzariak ere egongo dira. Gero, bazkalordura arte, kontzertu eta kalejirak antolatu dituzte.

Herri bazkaria 14:30ean hasiko da, herriko frontoian. Bazkalosterako, musika emanaldia eta bertso saioa antolatu dituzte. Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolasak egongo dira herriko hainbat lekutan: lauretatik seietara, 9 eta 14 urte artekoentzako kirol kooperatiboak Joxe Migel Barandiaran plazan; eta bostetatik zortzietara, “jolas bitxiak” 4 eta 9 urte artekoentzat, Plaza Nagusian.

Arratsaldeko seietan herri kiroletako ikuskizuna emango du Emaneurre taldeak: 500 aldiz harria jaso baietz! deitu diote emanaldiari. Saioa Joxe Migel Barandiaran plazan izango da. Horren ondoren, festa giroa herrira zabaltzea da antolatzaileen asmoa, eta, horregatik, txaranga ibiliko da herri osotik. Iluntzeko zortzietan izango da azken ekitaldia: Plaza Nagusian kaleko argiak itzalduko dituzte, lastargiak piztu eta Ordiziarrak Gera abestuko dute, Beti Argi Bandak lagunduta.