Urteotako joera eten, eta biztanleria galtzen hasteko zorian da Gipuzkoa

Gipuzkoako biztanleriak azken hamarkadan izan duen goranzko joera amaitzear dago. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak 2006-2020 tarterako egindako proiekzioek gainbehera hori 2016an hasiko zela aurreikusten bazuten ere, azken urteotan nabarmen apaldu da biztanleriaren hazkundea, eta, hori ikusirik adituek ondorioztatu dute biztanleriaren txikiagotzea uste baino hurbilago egon litekeela.

Martin Gonzalez Eustat-eko Estatistika Demografikoen koordinatzaile eta soziologoaren iritziz, krisi ekonomikoa da gakoetako bat. “Proiekzioak egin zirenean, krisirik ez zen espero, eta pentsatzen genuen etorkinek iristen jarraituko zutela”. Eta horri jaiotza kopuruaren gutxitzea ere gehitu beharko zaiola espero du: “Akaso, ugaltze tasa mantendu egingo da, baina arazoa da haurrak eduki ditzaketen emakumeak gero eta gutxiago direla. Izan ere, 1980 eta 1990eko hamarkadetan jaiotako belaunaldietako emakumeak hasiko dira orain haurrak edukitzen, eta belaunaldi horietan jaiotza gutxi izan ziren”. Ondorioz, 2020a baino lehenago hazkunde begetatibo negatiboa eta migrazio saldo negatiboa espero ditu Gonzalezek: “1980 eta 1990eko hamarkadetan gertatu zena gertatuko da berriz”.

Ildo bertsutik mintzo da Imanol Esnaola ere, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiko zuzendaria. “Azken bizpahiru urteetan, hazkunderako joera horrek apaltzera egin du, neurri handi batean migrazioetan emandako joera aldaketarengatik”, azaldu du.

Iragan hurbilera begiratuta, Gipuzkoako demografia ulertzeko, 1980 eta 1990eko hamarkadek berebiziko garrantzia izan zuten, Gonzalezen ustez. “Gipuzkoak, ordura arte, beti hazkundea izan zuen, baina 1980 inguruan bi elementu batu ziren: hazkunde begetatibo negatiboa eta saldo migratorio negatiboa”. Alegia, jaiotzen zen baino jende gehiago hiltzen zela, eta Gipuzkoara ailegatzen zirenak baino gehiago zirela hemendik kanpora joaten zirenak. “Horrek eragin zuen 1980 eta 2000 artean biztanleak galtzea”, nabarmendu du Gonzalezek. Urte horretan hartu zion buelta beherakadak, “migrazio saldoa positiboa izaten hasi zelako”, argitu du Gonzalezek. Garai bertsuan hazkunde naturala ere positiboa izatera pasa zen, “eta, ondorioz, azken urteotan biztanleriaren gorakada nabarmena gertatu da”. 1980-1990eko hamarkadan galdutako biztanle kopurua berreskuratzea lortu da, “eta hori, Bizkaian esaterako, ez da gertatu”, dio Eustat-eko arduradunak.

Datuek erakusten dute gainbehera eta gorakada hori. 1990ean, 697.918 biztanle zituen Gipuzkoak; 2001. urtean, 680.068 lagun. 2011ean, 709.607. Beraz, 2001-2011 bitartean Gipuzkoako biztanleria %4,9 handitu da.

Biztanleriak gora egingo badu, jaiotzak ezinbesteko elementu dira. Hala, 2000-2010 bitartean %19,2 gehitu zen jaiotza kopuru absolutua Gipuzkoan; Euskal Herriko bilakaeraren (%19,9 ) apur bat azpitik. Ordea, Gaindegiak emandako datuen arabera, jaiotza kopuruak biztanleriaren arabera aztertuz gero, denbora epe berean, %14,5eko hazkundea gertatu da Gipuzkoan, Euskal Herriko batez bestekoaren (%11,4) gainetik. Hain justu, 2010eko datuen arabera, Gipuzkoan mila biztanleko 10,21 jaiotza izan ziren, eta Euskal Herrian %9,92. Jaiotza kopurua ama izateko adinean dauden emakume kopuruaren arabera neurtuta, Gipuzkoa ere Euskal Herriko batez bestekoaren goitik dago. Alegia, 15-49 urte bitarteko mila emakumeko 44,5 jaiotza izan ziren 2010ean Gipuzkoan, Euskal Herriko batez bestekoa baino 1,5 jaiotza gehiago.

Hala ere, edukitzen diren umeak desio direnak baino gutxiago direla uste du Gonzalezek, eta horretan erakunde publikoen lanak duen garrantzia azpimarratu du; “botere publikoek bermatu behar lukete, pertsonak ahalik eta gehien eta baldintzarik onenetan bizitzeaz gain, familiek nahi duten haur kopurua izatea. Izan ere, azkenean gutxi edo gehiago, egitura baita haur kopurua zehazten duena. Badakigu haur kopuru ideala familiek edukitzen dituztenen goitik dagoela”.

Euskal Herriko gainerako herrialdeak bezalaxe, zahartze prozesu batean da, ordea, Gipuzkoa. Biztanleria kopuruak azken urteetan goranzko joera izan badu ere, gero eta zaharragoa da biztanleria hori. Bizi-itxaropenaren igoerak eragin du hori, besteak beste; “ondorioz, 65 urtetik gorako jende asko dago Gipuzkoan”, nabarmendu du Gonzalezek. “Adinei dagokienez, beraz, beste herrialdeak baino desorekatuagoa da Gipuzkoako biztanleriaren egitura”.

Herriz herri, alde handiak

Biztanleriaren bilakaera asko aldatzen da, ordea, herrialdeko herri batzuetatik besteetara. 2010. urteko jaiotza gordinen %21 Donostian izan ziren, %8,4 Irunen, %5,4 Errenterian eta %3,7 Eibarren. Aurkako ikuspegitik, Baliarrain da 2010ean jaiotza bakar bat ere erregistratu ez zuen udalerri bakarra. Gipuzkoako beste 27 udalerritan 10 jaiotza baino gutxiago izan ziren 2010ean. Mila biztanleko 10,21eko batez bestekoaren beherako datuak izan zituen, ordea, 2010ean Donostiak (7,7), Irunek eta Errenteriak (10), eta Eibarrek (9,7). Aldiz, batez bestekoaren oso goitik daude Beizama, Irura, Aduna, Gaintza, Itsasondo, Aizarnazabal eta Elduain. Guztiak ere 20ko tasaren gainetik.

Kostaren eta barnealdearen arteko jauzia ere antzeman du Esnaolak: “Jarduera ekonomiko eta mapa demografikoaren eraldaketa dugu kostatik hurbil dauden zerbitzu herrien hazkunde eragiten duena eta barnealdeko herrien gainbehera”. Izan ere, Esnaolaren irudiko, garraiobide berri eta azkarrek erraztu egiten dute leku batean bizi eta bestean lan egitea. Hala, “arretaz” zaindu beharreko egoera dela deritzo. “Gipuzkoako lurralde egitura historikoa, alegia, populazioa eta jarduerak lurralde osoan sakabanaturik izan dituena gordetzea lortu baldin badugu ere, arretaz zaindu behar dugu gune urbano indartsuenetatik aparte gelditzen diren herrien gainbehera demografiko eta ekonomikoa”, ohartarazi du.

Datuak gorabehera, ordea, Esnaolaren iritziz, Gipuzkoa lurralde “pribilegiatua” da demografiaren ikuspegitik: “Europan barne produktu gordina handienetakoa duen lurraldea izan da urte askoan; langabezia tasarik baxuenetakoa izan du aurreko hamarkadan… Beraz, zerbitzu arloan ongi hornitutako eta bizi-maila egokia eskaintzen duen lurraldea dela esan daiteke”.