Xakea eta euskara lotu ditu Goierriko Xake Taldeak ‘www.xakea.org’ webgunean

Xakean jokatzen euskaraz ikasteko aukera izango da hemendik aurrera sarean. Goierriko Xake Taldeak www.xakea.org webgunea zabaldu du, eta bertan euskarazko materiala jarri dute herritarren eskura. Goierri Xake Taldeko begiraleen ekinbidea izan da, eta arrazoia, argia: “Hezitzaileok izaten dugun oztoporik handienetakoa euskarazko kalitatezko materialen falta da. Horregatik, proiektuak zabalkundea izan dezan, euskarazko 2.0 material didaktikoa sortzea izan da gure helburua”. Material didaktikoaren barruan bideoak, xake hiztegia eta beste hainbat atal dago; besteak beste, xakean jokatzeko aukera ematen du ataletako batek.