Aaaa! Zeeee? Zorionak!

Ez dakit nola gertatu den, baina martxoaren erdialdera sosik gabe iritsi naiz berriro. Ostiralero bostehun pezetako paga jasotzeari utzi nionetik gauza bera gertatzen zait. Hilabeteak lehen baino dezente luzeagoak egiten dituztelakoan nago, eta nik hain epe luzerako txanponak banatzen ez dut asmatzen. Aspaldi nire bizio potoloenak —parrandak, golfa— nahi baino askoz baztertuagoak dauzkat, baina horrek ere ez dit batere lagundu. Poltsan zulo galanta daukadala bai, baina petatxua non jarri jakin ezinik nabil.

Mariano Raxoi egurtzen dutenen aurka sutsu irten behar izaten dut azkenaldian. Ederki ulertzen dut haren sufrikarioa, neuri ere laster lepoa moztuko baitidate murrizketa zorrotzak martxan jarri ezean. Haren patua Frankfurteko eraikintzarren batean purutzarra erretzen lasai eserita dagoen bankari prusiarren baten eskuetan dago. Nirea, berriz, Kutxabankeko bulegotxoren batean lan eta lan ari den behargin jatorren batek erabakiko du. Eta susmoa bakarrik da, baina ordainketaren bat konplitzeari uko egiten badiot, hark ere pragmatismo prusiarra erabiliko duelakoan nago.

Aurrezte aldera, beraz, lehen gastua ekartzen zidaten asko hemendik aurrera doan konpondu beharko ditut. Horretarako, irakurtzen ari zaren zutabe hau erabil dezakedala otu zait. Adibidez, gaur bertan amaren urtebetetzea da, eta hementxe zoriontzea merke asko aterako zait. Hari, gainera, doako oparia egiteak ez dio batere inportako: malko txikia bota, orria moztu eta marko xarmant batean eskegiko du. Behingoagatik seme adeitsuaren itxura emango dut, eta, beharbada, beste hilabete egitea lortuko dut Kutxabankek neure kontuetan esku hartu baino lehen.

Asteko paga txukun gobernatzen nuen garaian, etxepean ematen nituen orduak, anaiekin eta lehengusuekin jolasean. Koskorrenetakoa izan, eta kolpe andana jasotzen nuen arratsaldero. Txikiaz gain negartia ere banintzenez —nazkante konpletoa, bai—, zartakoren bat ematen zidaten bakoitzean aieneka hasteko mania nuen. “Aaaa!” oihukatzen nuen bakoitzean, ama korrika eta presaka leihora hurbiltzen zen. Ez nigatik kezka berezirik zuelako; entzumena alfer samarra izan du beti, eta “amaaaaaa!” oihukatzen ari nintzela iruditzen zitzaion, ogitartekoa edo saskibaloiko baloia bota zezan. Leihoa ireki eta “zeeee?” galdetzen zidanean, nik “ezer eeeez, jo in die” erantzun, eta biak gure egitekoetara bueltatzen ginen.

Hementxe, beraz, zutabe aurreztaile honen mezu zentrala: Aaaa! Zeeee? Zorionak!