Aholkularia erosketa lagun

Donostiako Amarako Arcco merkataritza guneko Eroski supermerkatuaren sarreran elkartu dira: eroslea eta aholkularia, aurrez aurre. San Marko mankomunitateak sustatutako Eko-shopper’100 kanpainako azken erosleetako bat da Belen Casado, eta erosketan bidelagun izango duen aholkularia Itsaso Arizeta. Helburua: egiten den erosketaren “hondakin karga gutxitzea” eta horren inguruko aholkuak ematea.

Murriztu, berrerabili eta birziklatu. Hondakinen kudeaketari dagokionez, horiexek dira hiru oinarri nagusiak; aipatutako hurrenkeran izan ere. “Ekoshopper-arekin egiten ari garena prebentzio kanpaina da”, oroitarazi dio Arizetak Casadori. Alegia, ahalik eta hondakin gutxien sortuko duen erosketa egitea. “Erosleei askotan esaten diet oso ohikoa dela erosketa egin eta etxera itzulitakoan dena hozkailuan sartu eta ohartzea plastikoaren eta kartoiaren ontzia bete dituzula. Hori gutxitzearen aldeko kanpaina dela esango genuke”.

Txakur jana erosten egin du lehen geldialdia Casadok. Lau kilokoa, bostekoa, hamarrekoa… Aukera ugari ditu begi aurrean. Aholkua: ahalik eta kantitaterik handiena duten produktuak hartzea, horrek bilgarriaren proportzioa gutxitu egiten baitu.

Bigarren geldialdia, fruten eta barazkien apalategietan. Inertziaz, erosketa ohiturei jarraiki, txanpinoi erretilua hartu du Casadok. Une batez, geldiarazi egin du ekoshopper-ak. “Aukeran, beti da hobe soltean erostea”. Modu horretara aurreztu egingo baita erretilua bera eta hura biltzeko plastikoa. Prezioan bada, ordea, alderik: kasu horretan, kiloa garestiago irteten da soltean erosita. Hautua balantzan jarri behar: dirua edo hondakinak.

Geldialdi horretan, elkarrizketa interesgarria sortu da. Fruta eta barazkiak soltean hartuta ere ez ote da hondakin askotxo sortzen produktu bakoitza bere poltsatxoan sartzearekin? Horrek ere badu irtenbidea: frutak poltsatxorik gabe pisatu, eta, ondoren, fruta eta barazki mota guztiak poltsa berean sartu eta pegatina guztiak poltsa berean itsastea.

Piper berdeak, arroza, modena ozpina… Beste geldialdi bat, azalpen garrantzitsua baita heldu dena: “Plastikoaren edo beiraren artean, beti beira hautatzea komeni da”, azaldu du Arizetak. Izan ere, beira “erabat” da birziklagarria, “eta behin baino gehiagotan birzikla daiteke gainera”, azaldu du. “Horrez gain, sarritan beste gauza batzuetarako berrerabiltzeko aukera ere ematen du”.

Ontzien esparruan, bestalde, brikari ere zuzenean begiratu nahi izan dio Arizetak, brika baita birziklatzeko “txarrena”. Izan ere, hiru materialez egina dago brika: aluminioz, plastikoz eta kartoiz. “Oso zaila da hori birziklatzea, material horiek txikitu eta bereiztea; ez da erabat birziklatzen”. Horregatik ontzi puruen aldeko hautua egitea garrantzitsua dela dio, alegia, material bakarrez eginak dauden ontziak erabiltzea.

Garbigarrien esparruan ere badu aholkurik ekoshopper-ak. “Produktu kontzentratuak hobeak dira; espazio gutxiagoan produktu gehiago edo eraginkorragoa ekartzen dutelako. Eta, gainera, ahal bada familiako tamaina erostea komeni da”, nabarmendu du. Eta detergenteei erreparatuta, badu beste aholku bat ere: hautsa baino hobea da likidoa. “Hautsak propietate aktibo oso indartsuak ditu, eta gehiago kutsatzen du”, nabarmendu du Arizetak. “Eta laneko arropek-eta akaso behar dute garbigarri indartsu bat, baina eguneroko arroparentzat nahikoa da likidoa”, azaldu du.

Erosketa egin eta kutxara joan aurretik agurtu dute elkar erosleak eta aholkulariak. Ahalik eta hondakin gutxien sortze aldera, posta elektronikoz jasoko ditu Casadok bere erosketaren inguruko zein, oro har, Eko-shopper’100 kanpainari buruzko ondorioak. Hurrengoan kontuan izateko edota jende gehiagori helarazteko. Kontzientzia lantzen joan eta erosketa beste begi batzuez egiten hasteko.