Asteazkenetik, abian da Goiena Komunikazio Taldearen eta Kutxa Ekogunearen lankidetzatik sortutako Ekogune telebista saio berria. Ordu erdi irauten du saioak, eta, besteak beste, erreportajeak, elkarrizketak eta herritarrentzako hainbat aholku praktiko eskaintzen ditu. Esaterako, garaiko produktuekin egiteko errezetak, argindarraren faktura irakurtzeko aholkuak zein etxeko balkoian baratze bat egiteko argibideak. Telebista saioaren sustatzaileen arabera, “kontzientziatik ekintzetara pasatzeko urratsak” eskainiko ditu Ekogune-k, asteazkenero, 22:30etik aurrera. Horretarako, ekologia eta iraunkortasuna “modu erraz eta ulergarrian” azalduko dituzte.
Saioa Goiena Komunikazio Taldeak garatutakoa bada ere, Gipuzkoako euskarazko tokiko telebista sarean ere emitituko dute. Hain zuzen, Goierri telebistan, 28 kanalean, Erlo telebistan, Hamaika Donostian eta Goiena telebistan bertan. Gipuzkoatik kanpo, Oizmendi telebistak, Hamaika Bilbok eta Xaloa telebistak ere emitituko dute Ekogune, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan Euskaltelen zuntz optikoaren bidez ere ikusi ahal izango da. www.ekogunea.net webgunean ere ikusgai izango dira saio guztiak.