IATko langileek lau lanuzteetatik lehena egingo dute astelehenean

Irungo eta Urnietako IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileek lanuzteak iragarri dituzte datozen asteetarako, eta astelehenean bertan egingo dute lehena. Lan baldintzen gaineko hitzarmena negoziatu nahi dute langileek bi gune horiek kudeatzen dituen Tuv Rheinland Iberica SA enpresarekin. Izan ere, aurreko akordioaren epemuga iazko abenduaren 31n bukatu zen. 2009ko abendutik 2010eko ekainera zazpi hilabeteko greba egin zuten IATko langileek, baina ez dute espero gatazkak hain luze joko duenik orain. Izan ere, Ketxus San Emeterio enpresa batzordeko presidentearen arabera, aurreko grebaren ondorioz hitzartu zituzten baldintzek oinarri sendoa dute: “Oraingo negoziazioak samurragoa eta lasaiagoa izan behar luke aurreko grebarekin alderatuta”, azaldu du.

Hala ere, lan baldintzak hobetzearen alde daude bi IAT lekuetako langileak. Iazko urrian, baldintza horiek jasotzen zituen testu bat eman zioten langileek Tuv Rheinland Iberica SAri, baina, langileen esanetan, “ez da izan horren gaineko aurrerapauso nabarmenik. Biltzeko hiru egun jarri besterik ez du egin enpresak: hilaren 12a izan zen lehena, eta hurrengoak hilaren 26a eta apirilaren 26a izango dira”. Hilaren 12an, baina, ez ziren bildu, “enpresako buruak Gipuzkoan izan ziren arren ez zutelako bileraren gai ordenarik, ordurik eta tokirik jarri”, esan du San Emeteriok. Hortaz, enpresarekin noiz bilduko zain jarraitzen dute. Baina, bien bitartean, presio bide gisa, lanuzteak egitea erabaki dute.

Otsailaren 29an zortzi orduko lanuztea egin zuten, lan txanda bakoitzeko launa ordukoa: “Langile gehienek bat egin zuten deialdiarekin”, zehaztu du San Emeteriok. Hurrengoetarako ere, prozedura horri jarraituko diote langileek: astelehenean —hilak 26— eta apirilaren 16, 18 eta 26an, 10:45etik 18:20era ez dute lanik egingo IATko langileek. Hau da, egun horietan, 07:30etik 10:45era eta 18:20etik 20:00etara azterketa teknikoa egiteko aukera izango dute nahi dutenek. “Egun horietarako, ordutegi horietan, txanda ematen ari gara”, esan du San Emeteriok. Iragarri du bat egingo dutela datorren asteazkeneko greba orokorrarekin ere.

Lanuzteen ondorioz erabiltzaileek izan ditzaketen arazoengatik barkamena eskatu dute bi estazioetako langileek: “Bien bitartean, azterketak normal egiteko konpromisoa gure egiten dugu”.

Urnietako eta Irungo IATko estazioetan, denera 55 langilek lan egiten dute: 33k ibilgailuak aztertzen dituzte, zazpi ikuskatzaileak dira eta beste hamabostek administrazio lanak egiten dituzte. Horrez gain, bi egoitzetako arduradunak daude: “Horiek, noski, ez dute bat egiten gure borrokaldiekin”, esan du enpresa batzordeko buruak. Bost lan ordezkari dituzte Irunen eta Urnietan, denak ELA sindikatukoak.

Lehiakiderik ez

San Emeteriok nabarmendu du orain dituzten eskaerak 2009koak baino askoz apalagoak direla. “Grebaren ondorioz lortu genuen akordioko testuaren barruan hura berrituz joatea zegoen idatzita. Hortaz, gure ustez, ez legoke aparteko arazorik berritzeko. Urrian aurkeztu genuen testuan, soldata igoeraren gaia aipatu genuen gutxien”.

Langileek garbi dute zerbitzu publikoa dela IATrena, eta, aldi berean, Tuv Rheinland Iberica SAk IAT zerbitzua berak bakarrik ematen duela herrialdean; hau da, ez duela inolako lehiakiderik: “Jakin nahiko genuke zein etekin ekonomiko dituen enpresak; izan ere, esklusibitate horregatik bezeroak ziurtatuak ditu IATk. Herrialdeko gainontzeko enpresariek jakingo balute zein den gure lantegiaren errentagarritasuna, burura eramango lituzkete eskuak, ziur”, adierazi du.

Iazko urrian langileek aurkeztu zuten proposamenean, batez ere, zerbitzuaren gaineko gogoeta egin nahi zuten: txanda emateko sistema, langileen prestakuntza, instalazioak… “Dirudienez, ez dute borondaterik biltzeko, edo behintzat, biltzen bagara, ez digute esan nahi zertaz hitz egin nahi duten. Sorpresa horiek saihestu nahi ditugu, eta, enpresak bilera deialdia egiten badigu, zertaz hitz egingo den jakin nahi dugu”, adierazi du San Emeteriok. Aurreratu duenez, langileek ez dute onartuko enpresak Espainiako Gobernuaren lan erreformaren “aitzakia” jartzea lan balditzetan hobekuntzarik izan ez dadin, uste baitute IATren zerbitzua “krisi ekonomikoaren eragina jasaten ez duen” enpresa bat dela. Gainera, zehaztu du urtarrilaren lehenean azterketa egiteko tarifak %3 garestitu zirela.

Bergarakoan, ez

Urnietan, Irunen eta Bergaran daude Gipuzkoan IAT egiteko guneak. Urnietakoa eta Irungoa Tuv Rheinland Iberica SA enpresak kudeatzen ditu, baina Bergarakoa ez.

1994an adjudikatu zituen Eusko Jaurlaritzak gune horiek kudeatzeko enpresa arduradunak. Urnietakoa eta Irungoa sorta berberean zihoazen, eta Bergarakoa Gasteizkoarekin batera. Hartara, azken bi gune horien kudeaketa beste enpresa bati adjudikatu zion Jaurlaritzak, eta bertan duten egoerak ez du loturarik Irunen eta Urnietan dutenarekin.