“Ikerketa historikoen eta publikoaren ezagupenen arteko zubi izan nahi dugu”

Krisia dela medio, ez dira erakunde publiko eta pribatuen babesa jasotzeko momenturik onenean jaio. Horren jakitun da Alvaro Aragon (Oiartzun, 1969), EHUko irakasle eta Miguel Aranburu Gipuzkoako Historialari Elkarteko sustatzaile eta zuzendaria. Ordea, kontent da elkarteak orain arte egindako bidearekin: “Egiten ari garenarekin ongi ari garela uste dugu”.

Zerk bultzatuta sortu duzue Miguel Aranburu Gipuzkoako Historialari Elkartea? Nortzuek sustatu duzue?

Unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo gabiltzan historialari eta arkeologoak batu gara, ikusita gabeziak badaudela, batez ere, Gipuzkoa mailan. Besteak beste, duela 15 urte-edo desagertu zen Deustuko Unibertsitateko Donostiako Historiako fakultatea, eta hemengo jendea beti behartuta zegoen ordutik, Gasteizera edo Bilbora joatera. Ondorioz, Gipuzkoako historia pixka bat baztertuta geratu da. Eta hori suspertu nahian-edo, saiatu gara talde bat sortzen. Elkarteak nahi duena da, batetik, Gipuzkoako historian sakondu, eta, bestetik, gizarteratu.

Gainbehera horretan, unibertsitatearen faltaz gain, beste kausaren bat topatu duzue?

Badago jendea Gipuzkoako historian aritzen dena, baina denak pixka bat sakabanatuak daude. Horrez gain, arazoa da gero ez dela ezagutzen. Beharbada Gipuzkoako historia zientifiko mailan lantzen da, unibertsitate mailan lantzen da, baina ez hainbeste publiko orokorraren mailan, eta gure asmoa hori zen; biak batzea. Egiten diren ikerketen eta publikoaren ezagupenen arteko zubi izan nahi dugu. Bestetik, egia da gure erakundeek ere oraingoz ez dutela askorik egin arlo horretan. Beraz, hori ere egin nahi dugu. Proposatu diegu hemengo erakundeei Gipuzkoako Historia bat egitea, eta horretan ari gara. Baina, oro har, pena da, jendeak badaukalako jakin-mina. Eta horren froga da, abian jarri dugun hitzaldi sortari jendeak emandako erantzuna.

Zertan datza Gipuzkoako Historiaren proiektu hori?

Kutxari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Historiari buruzko proiektu bat aurkeztu diegu, baina momentuz ez dugu erantzunik jaso. Azaldu dute interesa, baina ez digute oraingoz ezer esan. Badakigu garai txarrak direla. Beharbada garai txarrean agertu gara, baina guk tinko jarraituko dugu, gure maila xumean gauzak egiten. Hori argi daukagu. Batetik, hitzaldiak hilero egingo dira. Bestetik, datorren urtean, adibidez, Donostia erre zela bigarren mendeurrena da, eta Donostiako Udalarekin gauzak egin nahi ditugu.

Jendeak interesa duela diozu. Jendeak, ordea, ba al daki Gipuzkoako historiari buruz? Badago jakintzarik? Landu da eskoletan?

Oso-oso gutxi. Egia esan, eskoletan-eta azaltzen zaien historia, historia unibertsala da, batez ere garaikidea, Espainiaren historia, Euskal Herriaren historia apur bat… Eta Gipuzkoak tarte horretan espazio gutxi dauka. Jendeak, oro har, ez daki Gipuzkoako historiari buruz. Jendeari entzuten diozunean Gipuzkoako historiari buruz hitz egiten, konturatzen zara, askotan mito asko erabiltzen dituztela.

Mito horien sorreran, intrusismoak badu eraginik?

Hain zuzen, hori da arazoetako bat. Egia da hori gure akatsa ere badela. Historialariok ez dugu gure betebeharra bete, nolabait esateko. Garai batean, telebistetan-eta, egunkarietan-eta, azaltzen ziren historialariak, baina egun, ez dira inoiz agertzen. Eztabaidetan beti daude politologoak, kazetariak, soziologoak eta abar. Baina historialariak normalean ez gaude. Eta egia da gure akatsa ere badela. Eta Gipuzkoako historian, adibidez, badaude mito asko etorri direnak, etnografoengandik, antropologoengandik… auskalo. Historiaren inguruan sortu diren mitoak gainditzea ere bada gure helburuetako bat.

Errua bota baino gehiago, horiek konpontzen saiatzea.

Bai, hori da. Gainera, sortu diren mitoak askotan ez dira intentzio txarrarekin sortu, ikuspegi batetik egin dira, beharbada, metodologia onena aplikatu gabe, eta baita ere, informazio zati bat erabiliaz: ez informazio osoa. Egun daukagun informazio pilarekin guzti horiek ñabartu egin daitezke, edo aldatu. Historialari batek gaur egun daukan aukera historia egiteko, 1960-1970eko hamarkadekin konparatuta, askoz ere errazagoa da. Alde horretatik, aukera gehiago ditugu historia hobea egiteko. Ez da erruen kontua, baizik eta dagoena egina dago, eta orain has gaitezen gauzak ongi egiten.

Gaur egungo testuinguru politikora eta sozialera ekarrita, azkenaldian asko hitz egiten da kontakizun historikoaren garrantziaz.

Jendea kritikoa izan dadin bere errealitatearekin, historiak toki oso garrantzitsua dauka. Gauzak kritikoki ikusita, aztertuta, argiago ikus ditzakegu. Baina, bizi garen lurraldean askotan zaila da gauza bat eta bestea bereiztea. Hau da, historia objektibo bat egitea badakigu ezinezkoa dela, azkenean historia interpretazio bat dela, baina metodologia ongi aplikatuta, nik uste objektibotasuna bermatu daitekeela. Baina hemen dugun egoera sozial eta politikoak egia da askotan historia bultzatzen edo behartzen duela alde batera edo bestera.