Adegiko presidente izateko hautagaitza aurkeztu du Pello Gibelaldek

Pello Gibelalde enpresaburua da Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko presidente izateko lehen hautagaia. Asteon aurkeztu du Eduardo Zubiaurre egungo presidentearen lekukoa hartzeko hautagaitza; izan ere, Zubiaurrek hiru urteko bi legealdi osatu ditu. Gibelalde azken hamabi urteetan Ade- giko batzorde eragileko kide izan da.

Maiatzaren 24an egingo duten batzar nagusian erabakiko dute Adegin hurrengo hiru urteetarako presidentea zein izango den. Hautagai izan nahi dutenek astebete lehenago arteko epea dute hautagaitza aurkezteko. Nolanahi ere, normalki, hautagaitza bakarra aurkeztu izan da. Maiatzaren 24an bertan, kontseilu errektorea ere berrituko du Adegik. Presidenteak eta bederatzi kidek osatzen dute kontseilu errektore hori.

Pello Gibelalde legazpiarra da, eta 1974an Olaberrian sortutako Hine enpresaren fundatzailea da. Egun, orotara, sei herrialdetan zortzi enpresa ditu Hine taldeak, eta 319 langilek lan egiten dute enpresa horietan. Gipuzkoatik kanpo, AEBetan, Erresuma Batuan, Txinan, Indian eta Brasilen ditu enpresak. Azken urteotan behin baino gehiagotan saritu dute Gibelalderen ibilbidea. Besteak beste, Joxe Mari Korta Saria eman zioten 2009an.