Aurten, Azkoitiko Jesus Baratzetakoaren irudiak 300 urte beteko ditu

Agerikoa da prozesioen tradizioa aspaldikoa dela. Eta urteurren batzuek ageriagoan uzten dute hori. Azkoitian, esaterako, aurten 300 urte beteko ditu prozesioan ateratzen duten irudietako batek. Jesus Baratzetakoa da irudia. Bertan Jesus belauniko ageri da, aingeru batek kopa bat eskaintzen dion bitartean. Irudia Goiko Kalekoa da. Izan ere, prozesioak egiten hasi zirenean kale bakoitzak bere irudia zuen. Hau Felipe Arizmendik egindako lana da. Garai hartako apaizak bere poltsikotik erosi, eta udalari oparitu zion prozesioan ateratzeko. Hala, Azkoitiko irudi ia guztiak udalarenak edo kaletarrenak dira.