Bixera eraikin historikoa eraitsi, eta zer aurkitu dute? Are historikoagoak diren aztarnak. 1936an eraiki zuten Bixera, eta hiriaren sinbolo izan da. Bertan, Irungo San Juan plazan, obra batzuk egiten ari zirela, Arkeolaneko ikertzaileek euren lanetarako pagotxa aurkitu zuten gaur zortzi: 4,5 metro kubo I. mendeko aztarnaz beteta, hiru metroko luzera, metro eta erdiko zabalera eta metro bateko sakonera duen eremuan. Oiasso herrixkaren zatia da.
“Erromatarren garaiko etxebizitza baten sotoa aurkitu dugu, betelanez egindakoa”, azaldu du Mertxe Urteagak, Arkeolaneko kide eta Irungo Oiasso Museo Erromatarreko zuzendariak (Lazkao, 1960). Adierazi duenez, San Juan plazako obrekin batera, eurek proiektu arkeologikoa aurkeztu zuten, eremu hori oso zabala baita. Hasiera batean, zundaketan ez zuten ezer ere aurkitu, baina gaineratu du aztarnak aurkitu dituzten lur eremua ez zegoela besteak bezain “prentsatuta”. “Txiripaz izan da aurkikuntza; zundaketetan ezer ez zen agertu, baina makinak lurrak mugitzen ari zirela ikusi genuen ezberdina zela lur hori”.
Lautadatxo edo eremu hori erromatarrek eraiki zuten. “Erliebean zeuden pinportak kendu zituzten, eta lur horrekin zuloak bete zituzten”, esan du Urteagak. Plano hori betetzean lehen zegoen herrixkaren aztarnak desagertu zirela azaldu du. Hala, “zaborrez” bete zituzten zulo horiek, tartean hondatutako zeramika zati hautsiekin eta “oso ondo kontserbatu diren” fruitu haziekin.
San Juan plaza gaur egun Irunen erdigunea da, eta Oiasson ere toki oso garrantzitsua izan zen lehenengo mendetik aurrera. “Lehenengo mendearen bukaeran planoa eraikita”, zehaztu du Urteagak, “hiriaren ardatz nagusia zen kalea egin zuten lautadatxo horren gainean. Guztira, 700 metro inguru zituen luzeran eta 400 zabaleran, hamabost hektarea inguru”. Eraiki ondoren, orubeak banatu zituzten, eta etxebizitzak eta tailerrak eraiki zituzten bertan.
Hipotesia indartuta
Oiasso hiria ikertzen hasi zirenean, eremu horretan plano bat zegoela esan zuten, hipotesi moduan. Datu topografiko batzuk azaldu ondoren esan zuten hori. Orain dela bi urte egindako aurkikuntzek hipotesi hori baieztatu zutela ziurtatu du, eta bigarren fasekoek, berriz, indartu. Sinesgarritasun aldetik, gainera, garrantzia izan du: “Obren barruan programa arkeologiko bat zegoen. Bigarren fasean egindako aurkikuntzek frogatu dute guk ez ditugula eskatzen arkeologia ekintzak eskatzeagatik. Badaude pisuzko arrazoiak”. Azkeneko mende laurdenean aurkikuntza oso garrantzitsuak egin direla gaineratu du.
Bestalde, Oiassok zuen biztanle kopurua ezin dela argi finkatu esan du Arkeolaneko kideak. “Betiko galdera da hori. Orube batek solairu bakarreko etxea eduki zezakeen, edo gehiago, eta solairu bakoitzean ezin da finkatu zenbat jende bizi zen. Esaten da hektarea batean kontatu behar direla 40 eta 400 pertsonaren artean. Hamabost hektarea zeuden Oiasson; beraz, atera kontuak… Hori bai, hiri bat zela argi dago”. Gaur egungo Gipuzkoako bi hirietako bat zen Oiasso. Bestea Menoska zen, baina oraindik ez dute haren arrastorik aurkitu. Deba eta Oria ibaien artean egongo litzateke hiri hori, kostaldean.
San Juan plazako planoan ikerketa gehiago ez dituztela egingo gaineratu du. Irunen bertan “ukitu gabeko” orube gutxi gelditzen direla, alegia. “Batez ere Beraun aldean daude, etxe sakabanatuetan. Lorategi horien azpian zerbait egotea da gure itxaropena”, esan du Urteagak. Padura aldera joanda hor ere aztarna gehiago aurki daitezkeela gaineratu du, garai bateko portuarenak.
Hala ere, ez dute ikertzeko asmorik. “Gaur egun ditugun baliabideak nahiko onak direla uste dut, baina hemendik hogei urte barru hobeak izango direla uste dugu. Alde horretatik, pentsatzen dugu hainbat orube utzi behar ditugula induskatu gabe, etorkizuneko belaunaldiek aukerak izan ditzaten, euren erara lan egin dezaten”.
Hiri erromatarraren aztarna asko aurkitu dituzten arren, baskoien hiriaren aztarnarik oraindik ez dute topatu. “Uste dugu beste toki batean zegoela baskoien hiria izan zena, Oiasso izenekoa. Burdin Aroko Oiasso hori aurkitzea espero dut hil baino lehen!”, esan du Urteagak.