EAJk asteon salatu du Espainiako Gobernuak ez duela bete 2011ko aurrekontuetan Tabakaleraren proiektuarekin hartutako konpromisoa. Konpromiso horren arabera, PSOEren gobernua iazko aurrekontuetatik zazpi milioi euro Tabakaleraren egitasmorako ematekoa zen. EAJko Markel Olanok eta Eneko Goiak egindako agerraldian Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuari “konpromiso politikoa” ez betetzea egotzi diote, eta Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, berriz, “kudeaketa politiko egokia” ez egitea. Areago, Madrilera diru horri buruz hitz egitera Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak berak joan beharko lukeela uste du EAJk.
EAJren salaketaren ondoren, Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak EAJri exijitu zion “hartutako erabakiei aurre egiteko” eta “erantzukizuna eskatzeko” akordioak bete ez dituztenei. Badiolaren arabera, 2010eko urrian sinatu zen zazpi milioi euroko akordioa; alegia, Raxoi gobernura heldu baino urtebete lehenago. “EAJk argitu beharra dauka zer egin duen urte luze horretan Zapaterok bere konpromisoak bete zitzan. Orduan, zergatik ez zuen ezer egin?”.
Odon Elorza Donostiako alkate ohiak, berriz, PP egin du diru sail horren galeraren erantzule. Adierazi du EAJren akusazioa “faltsua” dela eta diru kopuru hori PSOEk ez baino PPk baztertu zuela, 2011ko aurrekontuak luzatu zituenean.