“Earki”

Aztoratuta, asaldatuta, urduri nabil azkenaldian, eta hala sumatzen ditut ingurukoak ere. Udaberria ote? Odola alteratzen duela diote; odola bakarrik izango balitz, gaitz erdi. Hematokrito batzuk gora, globulu gorri batzuk behera, oraindik ere geure burua kontrolatzeko gai izango ginateke. Garuna alteratzeak beldur handiagoa ematen dit, baina erremediorik ez duen eromen hau hain gozagarria da batzuetan! Joan den astean zoriontasunari buruz hizketan egon nintzen lagun batzuekin, eta zoriontasuna eragiten duen hormona horren izena atera zen. Endorfina; zoriontasunaren hormona. Ze polita, ezta? Munduko zoriontasun guztia hormona baten arabera lortzerik izango bagenu, errazagoa litzateke dena, baina tira.

Ez dakizuenoi azalpen labur bat emango dizuet; nola izan zoriontsu titulupean egin nezake inportantzia handiagoa emateko, baina nahiago dut bizipozaren errezeta izena erabili, helburu errazagoek pereza gutxiago ematen dute normalean-eta. Nahi duzuen neurrian erabili gero informazio hau, eta triste bizi bazarete, ez dadila izan behintzat abisatu ez dizuedalako. Endorfinak gorputzak berak sortu eta liberatzen ditu, eta hainbat bide daude horretarako: txokolatea, janari pikantea, ariketa fisikoa, sexua, barrea… Aukeratu bat, edo bi edo denak eta osatu gustuko errezeta, bakoitzak nahi (edo ahal) duen bezala endorfinak liberatzen asteko.

“Zer moduz?” galdetutakoan askotan entzuten dudan erantzuna “Ondo esan beharko” da. Zergatik esan beharko? Ez, ez daukazu inongo obligaziorik ondo zaudela esateko. Erantzun iezadazu “gaizki” edo “izorratuta” edo “pattal” edo “potroraino”; baina ez erantzun “ondo esan beharko”, inork ez zaitu behartu-eta ondo zaudela esatera. Bai, badakit hitz egiteko era bat dela, baina azkenean, ondo pentsatzen baduzu, bizitzaren isla garbi bat baino ez da.

Lehengo batean felixiana bat nintzela esan zidaten, eta ea “irribarrea jantzita jaio nintzen”. Ba, bai, hala da. Eta ez naiz lotsatzen horretaz. Irribarrez egoten naiz konturatu gabe, eta ez dut bost urtean eraman nuen hortzetako aparatuaren emaitza luzitzeagatik egiten, gorputzak nolabait bizitzeko poza eta ilusioa transmititzeko beharra duelako baizik. Askotan ez diot munduko egoerari askorik erreparatzen, ez dut pentsatzen hurrengo urtean noiz, non edo nola egongo naizen (hurrengo urtean egon, baldin banago, nahikoa dut eta). Triste nagoenean, ez dut sekula albistegirik ikusten eta egunkaririk irakurtzen. Triste nagoenean, Nozilla bokadiloa jaten dut marrazki bizidunei begira, eta horrek sendatu egiten nau pixka bat, edo goxatu behintzat. Ze sinplea naizen askotan, ze felixiana. Baina zein polita den munduari begi hauekin begiratzea, eta “zer moduz” galdetzen didatenean, irribarrez “earki” erantzun ahal izatea.