Errekorra egiteko asmoz

Erdi maratoia

Azkoitia-Azpeitia

Gizonezkoetan Mike Kigen eta emakumezkoetan Doris Txanweigo —biak kenyarrak— faborito direla, bihar jokatuko da, Diego Garciaren Omenezko XIX. Azkoitia-Azpeitia erdi maratoia. Gainera, aurtengoan, bi kategorietan markak hobetzeko aukera asko ikusten dituzte antolatzaileek. “Egin dugun esfortzuarekin, uste dugu ekartzea lortu dugun lasterkariak marka hobetzeko gai izango direla, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan ere”, adierazi zuen Agustin Jimenez antolatzaileak, iragan astean egindako aurkezpen ekitaldian. Hala ere, markarik hobetu ezean ere ez dela inolako porrota izango aurreratu zuen. Eguraldiak zeresan handia izaten du lasterkarien emaitzetan, eta, hein handi batean, horren menpe ere egongo da marka berritzea.

Mike Kigenek 59:58ko marka du erdi maratoian. Besteak beste, Donostiako Krosa irabazi zuen iaz, eta 2010. urtean bosgarren sailkatu zen Munduko Txapelketan. Azkoitia-Azpeitian iaz Stanley Biwott-ek jarritakoa da orain arteko markarik onena; 1.00.23. Dennis Masai, Kennedy Kimutai, Emmanuel Bett eta Bernard Waweru korrikalariak ere gizonezkoen kategoriako faboritoen artean daude. Masai, besteak beste, 10.000 metroetako junior mailako txapelduna da. Kimutai-k, berriz, Istanbuleko erdi maratoia irabazi zuen iaz.

Emakumeen artean Doris Txanweigo da faborito nagusia, baina Antonina Rutto kenyarra eta Jessenia Centeno kubatarra ere faboritoen artean daude. 1.08.57ko marka gainditzea izango dute xede.

Lasterketa Azkoitiko Julio Urkixo etorbidean hasiko da, 16:30ean.