Foru eraikin guztietatik segurtasun arkuak kendu ditu aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak kendu egin ditu foru eraikin guztietako segurtasun arkuak. Hala baieztatu du aste honetan bertan Larraitz Ugartek, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Ugarteren arabera, duela pare bat aste hartu zuen erabakia foru gobernuak, aldundiaren eraikinetako sarreretan egoten diren segurtasun agenteen presentzia segurtasuna bermatzeko nahikoa dela iritzita. Kontrol sozialarekin ere lotu du erabakia: “Nahikoa kritikoak gara kontrol sozialerako eta zaintza eta segurtasunerako muturreko neurriekin”. Ugartek nabarmendu du herritarren erakundeetarako sarbidea errazteko xedea ere baduela segurtasun arkuak kentzeko erabakiak.