Irati Hartsuagak (Tolosa, 1985) hamabi urte daramatza Tolosako Udaberri dantza taldean. Eskusoinua jotzen du, eta taldeko musikarien arduraduna da. Udaberrik Dantzari Txiki Eguna eta Erromeria Eguna antolatu ditu, biharko.
Larunbaterako erromeria antolatu duzue. Nolatan hasi zineten ekitaldia antolatzen?
Hori hasi zen 50. urteurrenaren harira. Data iristen ari zela eta, lehenago dantza taldetik pasatu zen jendea inplikatu nahi genuen. Hori lortzeko, urteurrena baino hiru urte lehenago pentsatu genuen festa bat antolatzea, ea jendea hurbiltzen zen ikusteko, eta, gero, 50. urteurrenera begira jendearen laguntza edo parte hartzea lortzeko. Urteurrena 2007an izan zen, eta ekimenak aurrera egin du. Gaur egun, 120 lagun biltzea ez da broma.
Erromeriaren helburuetako bat dantza kalera ateratzea da, ohiko emanaldiez aparte.
Lehengoko erromeriek bazuten bere xarma, eta gaur egun argi dago garaiak aldatzen ari direla eta ezin dugula ainguratuta gelditu lehengokoan. Baina badaude gaur egun herriko festetan egiten diren erromeriak, eta horiek behar dute bultzada bat. Gure aldetik, erromeria moderno bat sortu nahi genuen, herriko jendeak parte hartzeko eta horren bitartez dantza bultzatzeko.
Festetan egiten diren erromerietan, ez dirudi hainbeste jendek dantza egiten duenik.
Erromeri taldeak asko daude, ateratzen zaizkizu harri azpietatik ere. Baina gero plaza bat hutsa ikusten badute, kostatu egiten da. Bestalde, Tolosan behintzat, eta bere tamainako herri gehienetan, baztertu egin dira horrelako taldeak. Beti jotzen da festetan rock taldeak ekartzera. Horrek joera markatzen du. Ez baduzu erromeria talde bat ekartzen, erromeriako giroa galdu egiten da. Eta behin galduta dagoenean, talde bat ekartzeak ez du funtzionatzen. Joera bat hartzen denean, aldatzea oso zaila da.
Orain 30 urte edo, 20 urteko gazte batek bazekien arin-arina eta fandangoa dantzatzen. Baina, egun, hori nekez gertatzen da.
Jende asko dago, nire adinekoa, umetan 8 urte arte-edo dantza ikasi, gero erabat utzi, eta orain erabat ahaztua duena. Batzuk berriz hasi dira ikasten; heldu asko daude ikasten dutenak, eta horiek ikus ditzakezu plazetan dantzan. Baina oraindik badago kopuru handi bat ahaztua duena edo sekula ikasi ez duena.
Udaberrik antolatuta, 40 heldu inguru ari dira dantza ikasten. Dezente dira, ezta?
Bai, dezente dira. Hogeita gutxi urtetik hasi, eta aurrerakoak izaten dira. Profil bat baino gehiago daude. Batzuk badaude umetan hasi, utzi, eta orain heldutan berriz arra sortu zaienak eta berriz ere ikastera animatu direnak. Badaude beste batzuk, helduagoak, gaztetan erromerietan dantzan egiten zutenak, baina askori iruditzen zaie ez dutela ondo egiten, eta horiek etortzen dira ondo ikastera. Gero, beste batzuk daude, batek edo besteak esanda, eta ondo pasatzen dela entzun dutelako-eta, ariketa pixka bat egitera etortzen direnak. Ikastaroan aritzen direnek parte hartzen dute, besteak beste, Erromeria Egunean, eta azken urteetan izan duen gorakada gehienbat horri esker da.
Jendea dantza egiten ikustearen zailtasunaz beste dantza taldeekin ere hitz egingo duzue.
Egoera orokorra argia da: jende askok ez daki dantzan, eta, orduan, ez dira animatzen dantza egitera. Horretan denak ados gaude.
Eta dantza taldeek irauteari buruz, zein da zure ustea?
1960ko hamarkadan dantza taldeen boom bat izan zen; pila bat sortu ziren, eta, orduan, sekulako indarra hartu zuen. Bazirudien dena aurrera zihoala, eta pixkana indar hori galtzen joan da. Eta, gaur egun, badirudi dantzariak ikusten direla politikariei agurra egiten, dantza txapelketetan, eta listo. Badago beldur pixka bat etorkizunera begira ere. Oso ondo dago dantza modernizatzea. Eta denak izan behar du bere garapena, noski. Baina mundu tradizionalean mugitzen garen dantza taldeok, zaharra ondo ezagutu gabe, berrira itsu-itsuan joko ote den beldurra dugu. Modernizazio prozesu horretan, beldurra dago zaharra erabat galtzeko.
130 haur inguru ari dira ikasten Udaberrin. Zer lan egiten da haiekin?
Garai horretan egin behar dena da giro polit bat sustatu, talde bat sor dadin eta pixkana talde hori denboran manten dadin. Beraien arteko loturak bideratzen du gero taldean jarraitzea. Umetatik talde handiak hasten dira. Une honetan, 9, 10, 11 urteko ume dezente daude, baina gero 13 edo 14 dauzkatenak bost inguru bakarrik daude. Hor beti pasatzen da adin kritikoa; horregatik, beraien artean giro ona badaukate, errazagoa da taldean jarraitzea.
Dantzari Txiki Eguna ere egingo duzue bihar. Zer moduz pasatzen dute txikiek?
Egun-pasa izaten da. Goizean, kalejira egiten da, eta, arratsaldean, emanaldia Tolosako Plaza Berrian. Nire ustez, ilusioz bizitzen dute eguna. Zure herriko kaleetan ateratzea berezia da. Beraientzat aurreneko eguna da egun oso bat pasatzen dutena lagunekin, eta horrek ere beraien arteko harremana sendotzen laguntzen du.