Kirola ikuskizun bihurtu aurreko filosofia du, edo grina, edo pasioa, ez dakit. Gaur jokalariak profesionalizatu egin dira eta kontratuaren arabera jokatzen dute, ez dut esango diruaren truke, baina oso ondo bereizten dituzte eguneroko bizitza eta asteburuetako lana. Jose Luis Kortak ere izango ditu bere kontratuak, baina bere ikuspegia da harriturik naukana.
Ez dut telebista ikusteko ohiturarik, gaueko bederatzietatik aurrera ez bada, eta orduan programaren kalitateari ez diot askorik begiratzen, berdintsu zait astrocanali begira egon edo curling emanaldi bat ikusi kirolen kate batean, Barthesek esaten zuen moduan, ohera joan aurretik pentsamenduaren errota gelditzeko balio baitu telebistak, nahiz eta gure errota ezin den harenarekin alderatu.
Modu horretaz esertzen naiz, beraz, igande gauetan afalon-doan pantailaren aurrean eta Finlandia erdi bidean denean (Olazabal-Azkargorta bikotea denoi adarra jotzen ari denean) pasatzen naiz El Conquistador-era.
Programa ez zait batere interesatzen. Partaideak arruntak iruditzen zaizkit. Tamaina horretako kirolariak bizi naizen kalean bertan aurki ditzaket. Kamera aurrean egiten dituzten bakarrizketak aspergarri samarrak dira, egia esan behar bada. Baina, bospasei urteotan programa ikusten jarraitu badut, Jose Luis Kortagatik izan da. Berak nauka programari atxikia eta ez bestek.
Berari begira pentsatzen nuen bizitza joko moduan ikusiko zuela. Gauza jakina da gure iragan apustuzalean dena zela apustu gai: ez pilota, aizkora edo harria bakarrik, baita aisialdiarekin lotutako beste hainbat jarduera ere, artistikoenak barne: zeinek bota irrintzi luzeagoa, zeinek bertso hobea… Jolasa apustu bihurtzen zuten. Umeak ginelarik, herri txikietako gazteak, apustu egiteagatik, zeinek astakeria handiagoak egin ere ibiltzen ziren.
Baina Kortak ez daki jokoa eta jolasa bereizten. Ume batentzat jolasa bera dela esan ohi da gauzarik serioena, nahiz eta helduontzako jolasean dena gezurra den. Horretan eta beste gauza askotan ume bat bezalakoa da, baina 62 urte ditu. Nik ez nuen ezer konprenitzen.
Aspaldi irakurritako liburu bat zabaldu nuen, Javier Echeverriaren Sobre el juego saioa. Han suerte jokoak, estrategia jokoak, erruleta, txinatarren gô famatua, zezenketa, karta jokoa eta beste hainbat aztertzen dira, baina ez nuen Kortaren kasua argituko zidan lerrorik aurkitu. Bere jarrerak, izatekotan ere, lana-jolasa binomioa gainditzeko Fourierek asmatu zuen sistemarekin zuen lotura, baina ezin nuen gizona Fourier irakurtzen irudikatu.
Etsiturik, aktore on bat izan zitekeela erabaki nuen, berea antzezpena izan zitekeela alegia, tarteka bere pertsonaia aterako zuela kameren aurrean paseatzera. Baina hara non joan den igandean zortzi kameren aurrean hasten den negarrez, hain zinez eta benetan non nire azken esplikazioak ere ez didan balio. “Ni irabaztera etorri nintzen eta ez dut asmatu” errepikatzen zuen, malkoak isurtzen zituela. “Irabaztera? Zer irabaztera?” galdetu nion neure buruari eta berriro zerotik abiatzen nintzela ohartu nintzen eta badakit datorren urtean berriro igandetan telebistaren aurrean eseriko naizela.