“Kasualitatez iritsi zitzaidan aktore gisa jarduteko aukera”

Kasualitatez iritsi zitzaidan aktore gisa jarduteko aukera”. Gorka Igartuaren (Ezkio-Itsaso, 1979) hitzak dira. ETB1eko Goenkale telebista saioan izan zen hori. Horren ondotik, Hasiberriak telesaileko protagonistetako bat izan zen, eta Telecincoko Hospital Central telesailean ere parte hartu zuen. Baita hainbat antzezlanetan ere. Egun, Oñatiko Hijos de Juan de Garai enpresan lan egiten du. Noizbehinka aktore lanetara itzultzeko aukerak suertatzen zaizkio, eta gustura baliatzen ditu.

“Ez dakit zergatik eman zidaten aukera hura”, adierazi du. “Beste batzuek euren prestakuntza helburu jakin batzuk lortzera bideratzen dute, eta horrek pisu handia izan beharko luke. Niri aukera eman zidaten, eta egoera horretan aurkitu nintzen”, esan du, Goenkale-ri erreferentzia eginez. Telesail horretan esan behar izan zuen lehen esaldia ere gogoan du: “Ni Guti naun, eta hi?”. Eta erantzuna: “Ni, Teresa”. “Hainbeste aldiz irakurri nuen, esaldia bakarrik atera zen”, dio.

Gazte iritsi zitzaion aukera Igartuari. “Adin horrekin gauzak beste modu batean ikusten dituzu. Ilusioa egiten dizu, zerbait berezia egingo duzula sentitzen baituzu. Ilusio horrek hurrengo agertokira eraman ninduen, eta hurrengora…”. Ibilbide artistikoa baino gehiago esperientzia artistikoa duela esaten du, ibilbidea aktore prestatuagoei aitortuz. Esperientzia horren barnean, Hasiberriak telesailekoa izan zen sona gehien eman zion lana. “Gazteak ginen, eta gugan oinarritutako produktua zen. Berezia izan zen”, adierazi du. “Karga bat hartzen duzu zure gain, eta ilusioa egiten dizu aurrera ateratzeak. Esperientzia eta ilusio pila bat elkartu ziren proiektu hartan. 19-20 urte genituen, ondo pasatzen genuen eta proiektua aurrera atera genezakeela ikusi genuen”. Hura amaituta, bakoitzak bere bideari jarraitu dio. Igartuak antzerkira ere jauzi egin zuen, Karmakros antzerki tailerraren eta Arte Eszenikoen Tailerraren eskutik. “Mundu horretan zaudela, albokoak prestatuta ikusten dituzu, eta zuk ere ikasi egin nahi duzu”.

Hala ere, beste kezka batzuk ere bazituen. “Denbora kontua ere bada. Arlo soziala beti izan dut gustuko, eta UNEDen ikasten hasi nintzen, nire martxan. Horrek denbora eskatzen du. Bestalde, jende asko dago aktore munduan, eta ez da erraza aurrera egitea. Nik ez dut maila profesional batean lan egin nahi. Film laburretan eta antzekoetan, berriz, ilusioa egiten dit parte hartzeak”.

Aspaldiko partez, aukera ere izan du horretarako. Tercera guerra mundial film laburrean izan da hori. Hala ere, ez du itsutzen horrek. Oñatin lan egiten du , eta gustura dago. “Beste arlo bat da, ez du aktore lanarekin zerikusirik, baina egun, lana izatea ez da gutxi, eta bizitza aurrera ateratzeko lain ematen badit, horretan jarraituko dut. Arlo sozialean lan egiteko aukera badut ere, saiatuko naiz egiten”.

Oroitzapen politak utzi dizkio arte eszenikoen munduak Igartuari. “Norbaitek zerbait zintzoki agertzen dizunean polita da. Gurea gaztetxoentzako saioa zen; ilusioz ikusten zuten. Horietako batekin elkartu eta begi bereziekin begiratzen zintuela ikusten zenuenean, jabetzen zinen norbaiti ilusioa egiten ziola pertsonaia hori ikusteak edo harekin hitz egiteak. Gauza horiek politak dira gazteekin, benetakoak direla ikusten baituzu. Beste batzuetan, ez dakizu hala den”, dio. Telebistak aurreiritziak sortzen dituela ere aitortzen du: “Onak edo txarrak izan daitezke, zaila da aztertzen, baina telebistak ez lituzke ateak itxi edo ireki behar”.

“Bizitzako zati bat izan da”, ondorioztatu du: “Ez dakit zertan aldatu nauen, baina esperientziek eta gertatzen zaizkigun gauzek osatzen gaituzte, onerako eta txarrerako”.