Herritar askorentzat urrun daude instituzioetako erabakiguneak; politika publikoetan parte hartzeak esfortzu handia eskatzen du, edo beste norbaitentzako gordetako pribilegio gisa ikusten dute. Parte hartzeko aukerak egon direnetan ere, udal bakoitza bere erara moldatzen saiatu da, eta ez dute beti beste herrietako proposamenen berri izan. Gabezia horretatik abiatuta, udaletako parte hartze politikak elkarren artean saretzeko dinamika bat jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak; abendutik aritu dira elkar ezagutzeko tailerrak antolatzen, eta asteazkenean bildu zen lehenengoz lurralde osoko parte hartzea sustatuko duen koordinazio taldea.
Orain arteko tailerretan 40 herri ingurutako ordezkariek parte hartu dute; koordinazio taldeak, ordea, bederatzi kide ditu. Arantza Ruiz de Larrinaga foru aldundiko Partaidetzarako Zuzendaritzako burua aritu da koordinatzaile lanetan; hark azaldu duenez, taldea osatzerakoan kontuan izan dituzte eskualdeen arteko oreka eta herrien tamaina, “guztien ikuspegia izateko”.
Ruiz de Larrinagaren arabera, jadanik ehundik gora proposamen sortu dira udaletan. Foru aldundiak eratutako sareak horiek sendotuko dituelakoan dago: “Aukera pila bat ematen ditu elkarrengandik ikasteko, hutsetik ez hasteko, besteen esperientziak aprobetxatzeko…”.
Hiru asteburutan aritu dira ordezkariak tailerrak egiten. “Dudak, gogoak, borondatea… burutik pasatzen diren gauza asko partekatzeko balio izan digu; horrek lasaitasun bat ematen du”, azaldu du Amaia Agirreoleak, Donostiako Parte Hartzeko udal teknikariak. Tailerrak “horizontalak” izan direla ere azaldu du, eta emozioak eta bizipenak partekatu dituztela: “Garrantzitsua da hori, konfiantzaz hitz egiteko. Parte hartzea, azkenean, beste harreman mota bat sortzea ere bada”.
Bilera horietan hainbat behar atzeman dituzte. “Parte hartze teknikariak oso leku gutxitan daudela ikusi genuen”, azaldu du Ruiz de Larrinagak. “Oro har, udaletako teknikariak ez daude oso trebatuta dinamizatzaile izateko eta euren arloetan parte hartzea bultzatzeko”.
Leku batetik bestera ere asko aldatzen da kontua; herriaren tamainak soilik asko eragiten du. Gregorio Iraola Albizturko alkateak azaldu duenez, herri txikietan errazagoa da herritarrengana iristea, baina harremana askoz pertsonalagoa da, eta horrek zaildu egiten du prozesua: “Horregatik, ohiturak aldatu behar dira: udalak instituzio irekia izan behar du. Zenbat eta irekiagoa izan, orduan eta konfiantza gehiago izango du jendeak, eta errazago iritsiko da udala haiengana”.
Txiki zein handi, herri guztiek behar duten ezaugarri bat gertutasuna da, Agirreolearen hitzetan: “Udalak herritarrak dauden lekura joan behar du, ez alderantziz. Horrela erraztu egiten da elkarrizketa”.
“Parte hartzearen kultura”
Dinamiketan parte hartu duten ordezkari gehienak berriak dira udaletan; orain arte, herritar gisa ezagutu dituzte parte hartze politikak. Maitane Agirre Zumaiako Herritarren Partaidetzarako zinegotziaren esanetan, “amildegi” bat egon da instituzioen eta herri mugimenduen artean: “Berez, herria ordezkatzen duen erakundea da udala, baina inoiz ez da horrela bizi izan. Udala hor goian dagoena izan da, nahi duen kudeaketa egiten duena, nahi duen erara, herriaren beharrak kontuan hartu gabe”.
Horren ordez, “parte hartzeko kultura” da sortu nahi dutena, Garbiñe Mendizabal Tolosako udal teknikariak azaldu duenez: “Ez dugu jakin parte hartzen; ez digute erakutsi”. Politika publikoak beste era batera nola egin daitezkeen asmatu nahian ari dira. Hala azaldu du Jon Altolagirrek, Urretxuko zinegotziak: “Esperientziak erakutsiko digu nondik jo, baina oso ondo etorriko zaigu ikustea ondokoak zer egiten duen”.
Iosu Lizarralde Oñatiko Parte Hartze zinegotziak erakunde, teknikari eta herritarren arteko “rol aldaketa” aipatu du. Ruiz de Larrinagarentzat, informazioa herritarren eskura jartzea ere gakoa da; esaterako, aurrekontuei buruzkoa. “Gerturatze horretan, erakundeen eskumenak ezagutzetik hasi behar dugu”.
Koordinazio taldeak hilean behin biltzen jarraitzeko asmoa du. Hemendik aurrera, “asmo konkretuetan” hasiko da: herri mota bakoitzerako eta gai jakinetarako lantaldeak osatuko dituzte, eta proposamenak falta diren herrietara zabaltzeko lanetan hasiko dira.