Aste Santuko prozesioak gogoratzearekin bat datoz burura hainbat herri: Segura, Hondarribia, Azkoitia, Pasaia… Herri horietan guztietan prozesioek toki propioa dute urteko sasoi honetan. Jesusen heriotza ardatz hartuta, eskultura gisa egindako irudi bidez esplikatzen dira kristau misterioak prozesioan. Herri bakoitzak bere erara eta hainbat irudirekin egiten du ekitaldia. Liturgiak XVI. mendean du jatorria, eta aurrera darrai aipatutako herri horietan; gainerakoetan, galduz joan da urteen poderioz. Oraintsu arte iraun du batzuetan: Azpeitian, esaterako, orain lauzpabost urtera arte egiten zituzten prozesioak. Eta, oraindik ere, irudiak prestatu eta parrokian jartzen dituzte Aste Santuan.
Ondoko herrian, Azkoitian, egoera hobexeagoa da: urtero bezala, prozesioa egingo dute hainbat herritarren eta bisitariren aurrean. Itxuraz, dena da dotorea. Azkoitian ere kezkatuta daude, ordea. Antolatzaileen esanetan, jendea falta da prozesioan parte hartzeko, eta ez dakite noiz arte eutsi ahal izango dioten ohiturari.
Izan ere, gaur egun herritar askok oporretara joateko aprobetxatzen ditu egun horiek, eta, beraz, herrietan ikusle eta parte hartzaile gutxi gelditzen da. Elizarekin eta erlijioarekin zuzenean lotutako ekitaldietan ere gero eta jende gutxiagok hartzen du parte, eta prozesioak horren isla dira.
Azpeitian saiatu ziren prozesioa salbatzen. Deialdia ere egin zuten komunikabideen bitartez. Ez zuen emaitzarik izan, ordea: “Poliki-poliki ahuldu zen, eta hori jendaurrean adieraztea erabaki genuen”, adierazi du Kepa Susperregi Azpeitiko erretoreak. Talderik ez zen sortu, ordea; laguntzeko prest gerturatu zirenak zaharregiak ziren irudiak sorbalda gainean eramanez prozesioan parte hartzeko. Hala, errealitatea onartu behar izan zuten: “Egin ezin dena, ezin da egin”.
Susperregik prozesu orokorrago baten barruan kokatzen du prozesioa galtzea: “Lehen, sasoiko jendea etortzen zen, orain horiek zahartu egin dira, eta oraingo jendeak bestelako ikuspegia du sinesmenarekiko, oporrekiko…”.
Behar adinako talderik osatu ez arren, Aste Santuan lan egiten duen taldetxoa badago Azpeitian. Dionisio eta Iñigo Perez anaiek, esaterako, urte asko daramatzate prozesioak prestatzen eta haietan parte hartzen. Aurten ere, prozesiorik egon ez arren, irudiak prestatu egingo dituzte, parrokian ikusgai egon daitezen. Perez anaiek “pena handia” sentitu zuten prozesioa desagertzean, baina ez dute etsi: “Irudiak prestatzen eta jartzen segitzen dugu, hori mantenduta errazagoa izango delako egunen batean berriz prozesioa egitea”. Sei lagun aritzen dira prestaketa lanetan, eta Aste Santuan parrokia “dotoreago” egoten dela nabaria dela diote. Zazpi irudi prestatzen dituzte, beste bi zaharberrituta daudelako eta horiek ukitzea “debekatuta” daukatelako. Bestela, horiek ere dotoretzeko prest daude pereztarrak.
Biek gogoan dute orain 25-30 urte prozesioak herrian zuen indarra. Handik gutxira hasi zen beherakada, ordea: ostegun santuko prozesioa galdu zen aurrena, gurutze bidea gero. Prozesioa galdu aurreko ibilerak ere gogoan dituzte: “Aurreneko irudia eramaten zutenek hura amaitutakoan bosgarrena hartu behar izaten zuten; jenderik ez, eta hala moldatu behar izaten genuen”, dio Iñigo Perezek.
Gaur egun ekitaldi bakarra egiten dute elizatik kanpo: ostiral santuko gurutze bidea, hain zuzen. 08:00etan parrokia aurretik abiatuta hilerrirako bidea egiten dute, gurutze bat hartuta.
Perez anaiek “askotan” pentsatu dute beraiek ardura uzten duten egunean desagertu egin daitekeela orain dagoen gutxia ere. Hala ere, umorerik ez dute galdu: “Orain krisiarekin jendea herrian gelditzen hasiko da, eta berriz jarriko dugu martxan prozesioa”.
Azken unera arte, zalantzak
Azpeitian bezala, Azkoitian ere martxan da prozesioa antolatzen duen herritar taldea. Gonzalo Torres Pitusa da antolatzaileetako bat. 61 urte beteko ditu aurten, eta 18 urte zituenetik hartu du parte prozesioetan, “tartean urte batzuetan huts egin” badu ere. Beste sei lagunekin batera aritzen da Aste Santurako dena antolatzen.
Azkoitian hamahiru irudi prestatu eta ateratzen dituzte prozesioan. Irudi bakoitza lau lagunek eramaten dute, eta irudi bakoitzaren aurrean haur bat joaten da. Horretaz gain, bost armatu figura ere ibiltzen dira Azkoitian. Armatuak soldaduak dira, eta armadura eta kaskoak jantzita ateratzen dira prozesioan. Guztira, 70 lagunek hartzen dute parte prozesioan, beraz. Azken urteetan jendea biltzeko “arazoak” izan dituztela aitortu du Torresek: “aurten ere azken unera arte ez dugu jakingo irudi guztiak ateratzeko gai izango garen ala ez”. Iaz irudi bat ez ateratzekotan egon ziren, baina azken unean aurkitu zuten jendea.
Torresek gogotsu egiten du lana; “honek bete egiten nau”, dio. Gainera, soldaduz janzten da bera. Hala ere, ardura zama bihurtzen da erraz: “Urteren batean nahiko nuke Aste Santuan kanpora joan ahal izatea oporretara. Edo beste herriren bateko prozesioa ikustera. Baina ezin dut halakorik egin; prozesioa aurrera ateratzeko gutxi gaude bestela ere”. Ez daki zenbat denboraz eutsi ahalko dioten prozesioari, ezta nolakoa izango den ere Azkoitiko etorkizuneko Aste Santua. Oraingoa luzaroan mantentzea zaila ikusten du, baina argi ditu lehentasunak: “Gaueko prozesioari eutsi nahi nioke, gainerakoa galtzen bada ere”.
Beste herrietan prozesioak galdu izanak pena ematen dio, alde batetik; “poza ere bai, bestetik, hemen jarraitzen dugulako geurea egiten”. Prozesioa erlijiotik harago doa harentzat, Azkoitiko ohituren eta kulturaren parte ere bada.
Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofizialak ere uste du Aste Santuko prozesioa Azkoitiko nortasunaren parte bat dela. Historian atzera eginez, berriz, XVI. mendean kokatu du prozesioen sustraia. Garai hartan, “eliza barruan eta xumeki” egiten zuten antzerkia; “kalera ateratzen hasi ziren XVII. mendean, eta XX. mendera arte iraun zuen; 1960ko hamarkadan, berriz, ia herri guztietan galdu ziren”, dio.
Azkoitikoa, Segurakoa, Hondarribikoa, Pasaiakoa… bizirik dira oraingoz, baina noiz arte?. Agian, hauskortasun horretaz jabetuta, Azkoitiko prozesioaren inguruan argazki liburua egin zuen iaz Jon Andoni Martin Pegote argazkilariak, Mendizabalen argibideek lagunduta. www.jonandonimartin.es webgunean dago ikusgai.